Síguenos en redes sociales:

Bertsolari Txapelketa Nagusia gaur hasiko da Amasan

Donostia. Lau urtean behin Euskal Herriko bertsolari nagusiak lehian jartzen dituen Txapelketari gaur emango zaio hasiera Amasa-Villabonan, arratsaldeko 17.30ean, Olaederra kiroldegian. Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso izango dira lehen kanporaketan kantatuko duten bertsolariak eta Ion Zaldua arituko da aurkezle lanetan. Sarrera guztiak agortu dira dagoeneko.

Gaurkoan irabazten duena zuzenean sailkatuko da azaroaren 11n Gernika-Lumon jokatuko den lehen finalaurrekorako. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 16. edizio hau abenduaren 15a arte luzatuko da. Egun horretan ospatuko da final handia, Barakaldoko BEC-en. Txapelketan parte hartzen duten 43 bertsolarietatik zortzi iritsiko dira egun handira.