Bilbo. Leire Bilbao idazleak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak sortutako Gerrak ez du izenik album ilustratuari egokitu zaio 2013ko Etxepare Saria, lehiaketaren antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez.

Aurten, "inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira" aipatu sariketara, 31, hain justu. Epaimahaia Yolanda Arrieta idazleak, Mikel Valverde ilustratzaileak eta Aitziber Alonso, Galtzagorri argitaletxeko lehendakariak osatu dute. Beren ustez, saritutako egileek "ederki uztartu dituzte hitza eta irudia, sentimenak eta gertaerak, errealitatea eta fantasia, gerra ororen ezaugarriak agerira atereaz: gosea, beldurra, tristura?". Argazki errealez eta irudi marraztuez osaturiko planoez baliatzea ere aintzat hartu dute, "hitzari arnasa eman eta kontrapuntu egiteko, bizi iraupenerako dei ozen bat osatuz, armoniaz beteriko album ilustratu honetan", gaineratu dute.

Sari bakarra da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Horrez gain, Pamiela argitaletxeak albuma argitaratuko du euskaraz, aurtengo udazkenean.