Síguenos en redes sociales:

Lauaxetaren poesia, gaurko begientzat

Labayru Ikastegiak poetaren lan aipagarrienen zailtasunak leundu eta edizio gaurkotua kaleratu du "Moldaketa txikiak egin ditugu, izkribuak gaurko grafiara eta morfologiara hurbilduz", esan dute

Lauaxetaren poesia, gaurko begientzat

derio. Bere poesiaren ederra, sinbolismoz betea, bere deskribapen sujerikorrak, lerro artean suma-tzen den erotika -gutxitan aipatua-, berba bakanen galapa musikala, aditz trinko ahoskaezinak,... Hori dena guztia liburu bakarrean kondentsatu dute Labayru Ikastegiko arduradunek, baina "Lauaxetaren testuak gaurko begientzat eroso" jarriz. Ludi honen bestaldez liburua da lan guzti horren emaitza, DEIAk martxoaren 31n eskainiko duena, egunkariarekin batera.

Bizkaitarraren poetika jasoa moldatzeko zereginean aritu dira bost lagun. Labayruko zuzendari Adolfo Arejita, Antton Mari Aldekoa-Otalora, Xabier Boveda, Alberto Errazti eta Sebastian Gartzia. "Lan-taldea bainoago lagun taldea izan dela aipatu behar da, gustura ibili garelako, asko disfrutatu dugulako proiektu honekin", azpimarratzen du Xabier Bovedak, bere berbak Sebastian Gartziak berresten dituela: "Esperientzia itzela izan da guretzat. Zailak egin zaizkigu hasieran, baina konturatu gara sakondu ahala pentsa baino errazagoak direla, hau da, aldaketa fonetiko gutxi ba-tzuekin testuak askozaz ulergarriagoak direla". Arejitak argi eta garbi azaltzen du testuen zailtasunaren zergatia: "Berak goi-hizkera erabili zuen literaturan, hizkuntza poetiko bat sortu guran. Baina bazekien herri xehearentzako idazten, eta bere kazetaritza lanetan erakutsi zuen hori".

"Jatorrizkoari ahalik eta kalterik txikiena egin nahi izan diogu, testuen gatza mantenduz, neurria, errima eta bestelakoak errespetatuz", dio Sebastian Gartziak. Beraz, ukitu gutxi batzuk egin dituzte, moldaketa txikiak, finak, "izkribuak gaurko grafiara eta morfologiara hurbilduz". Horretarako, oharrez josita dator argitalpen berria. "Hitz asko neologismoak dira, aranismoak, asko eta asko egungo araudietatik kanpo geratu direnak, baina beraiek proposatutako forma eta berbak dira eta, horrenbestez, gure ondarearen parte", ohartarazten du Arejitak.

Ez da mamia Ludi honen bestaldez liburuan zaindu den gauza bakarra. "Zaindu nahi izan dugu, baita, edizioa bera. Eta horregatik azal berria eta barruko irudiak, Xabier Egañarenak, eta baita titulua. Liburu honi pisu eta pertsonalitate propioa eman nahi genion, eta horregatik Ludi honen bestaldez esaldi hori, Lauaxetaren beraren hitzetatik hartua, hain zuzen, Arrats beheran-erako egindako aurre hitzetik hartua", diote zubi-lana egin duten Lauaxeta zaleek.

Idazlearen lan bi hartu dituzte horretarako, Bide barrijak eta Arrats beran gogoangarriak, eta horiei idazleak espetxean idatzitako beste bost poema gehitu zaizkie. "Poeta gorena dugu Euskal Herri osoan Lauaxeta, baina esango nuke apur bat baztertua ere izan dela. Guk zuberera edo gipuzkera uler-tzen dugun moduan euskaldun orok ulertu beharko luke Lauaxetaren bizkaiera, baina ez da horrela eta bere testuak gaitzak direla esaten dugu. Nik uste ez dela bidezkoa eta ez dakit nahikoa ahalegin egin ote den zentzu honetan", kritikatzen du Aldekoa-Otalorak.

Labayruk euskal kulturaren ondarea berreskuratu eta gizarteratzeko lanean dihardu 1977tik, eta horretarako hainbat arlo landu izan du (irakaskuntza, itzulpengintza, etnografia...). Guzti horren osagarri da euskal gaietan aberatsa den liburutegia. Liburutegi eder hori osatzeko eta prestigiatzeko balioko du, seguru asko, liburu berri honek.