BILBO. Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) eleberria iaz japonierara itzulitako hiru liburu onenen artean hautatu du Mainichi egunkariak, Japoniako handienetakoak, Mikhail Shiskinen gutun-liburua eta Sholem Aleichemen Tevye obrarekin batera. Zerrendan ageri dira, baita ere, Roberto Bolañoren 2666 eta Irene Nevirovskiren Suite Française.

Nami Kanekok egin zuen Uriberen nobelaren itzulpena eta Hakusui Sha argitaletxean ikusi zuen argia liburuak pasa den urrian. Tokion eta Okinawan egin ziren aipatu liburuaren aurkezpenak, hainbat irakurketa eta hitzaldien bitartez.

Japoniarrek eta euskaldunek amankomun duten itsaso eta arrantza giroa izan daiteke abegi arrakastatsu honen arrazoietako bat. "Japonia urrun dago, baina mundu berean bizi garela ikusten dugu Uriberen lana irakurriz", aipatu zuen Tokioko aurkezpenean Nami Kaneko itzultzaile japoniarrak, zeinak euskaratik zuzenean itzuli zuen. "Hemengo irakurleek ezer gutxi dakite Euskal Herriari buruz, baina liburua irakurri eta gero, oso hurbil sentitzen dute", baieztatu zuen Kanekok.

2008an, Uriberen lehen nobela txalogarri honek Kritika Saria jaso zuen Euskarazko nobelaren alorrean eta, 2009ko urrian, Espainiako Literatur Saria irabazi zuen.

Japonieraz gain, gazteleraz, katalanez, galizieraz, portugesez, frantsesez, serbiarrez, bulgariarrez, albaniarrez, errusiarrez baita georgiarrez ere irakur daiteke Bilbao-New York-Bilbao. Idazle ondarroarrak bere bigarren eleberria atera berri du, Mussche izenekoa, Susa argitaletxearen eskutik. Martxora aldera, Seix Barralek gaztelerazko bertsioa kaleratuko du, Lo que mueve el mundo izenburupean. Era berean, laster izango dira liburu-dendetan galizierazko, katalanezko nahiz frantsesezko edizioak. Uribek literatura japoniarra atsegin duenez, bere nobela berria hizkuntza honetara ere itzultzea gustatuko litzaioke, beste batzuekin batera, neerlandarra kasu (protagonistaren jaioterria).