6.400 plaza inguru eskainiko ditu Getxo Kirolakek irailetik aurrera abiaraziko diren 500 ikastarotan. Dagoeneko aurkeztu egin dute datorren denboraldirako ikastaro eta kirol-jardueren inguruko programazioa.

Eskaintzan, batetik, haurrentzako eta gazteentzako ikastaroak eta jarduerak egongo dira, Getxoko kirol-klubek antolatuta; bestetik, Getxo Kirolak-ek antolatuko helduentzako ikastaroak; eta, azkenik, adinekoentzako eskaintza izango da, Getxo Kirolak-ek antolatutako ikastaroak eta tokiko kirol-elkarteekin lankidetzan egindako beste jarduera batzuk biltzen dituena.

Aurrez izena emateko epea irekita egongo da uztailaren 15era arte, eta plazak esleitzeko zozketa uztailaren 17an burutuko da. Izena emateko Getxo Kirolak-en abonamendu-txartela beharrezkoa den ikastaro guztietan, izen-ematea kirol-erakundearen web orrialdearen bidez edo Fadurako eta Gobelako kiroldegietako jendea artatzeko bulegoetan egin daiteke.

Askotariko kirol-eskaintza

Eskaintzari dagokionez, haur eta gazteentzako kirol-programazioan, ikastaro batzuetarako beharrezkoa izango da Getxo Kirolak-en abonamendu-txartela izatea (tenis, igeriketa, gimnasia erritmikoa, karatea, judoa, txirrindularitza eta xakea), eta beste jarduera batzuetan, berriz, izen-ematea ordainpekoa izango da, urteko abonamendua nahitaez behar izan gabe. Azken kasu horretan, diziplina ezagunenez gain (futbola, errugbia, atletismoa, saskibaloia edo eskubaloia…), hain ohikoak ez diren modalitateak nabarmentzen dira; hala nola, badmintona, arku-tiroa, bela, patinaje artistikoa, boleibola, triatloia, boxeoa, areto-futbola, piraguismoa, arrauna, mahai-tenisa, belar-hockeya, patin-hockeya, kirol egokitua eta euskal pilota.

Helduentzako programazioaren kasuan, nabarmentzekoa da entrenamendu funtzionaleko eta entrenamendu funtzionala gehi igeriketako ikastaroen gorakada, bai Faduran, bai Gobelan. Asko eskatzen den modalitate honetan indarra modu globalean lantzen da, eta gainera, hainbat onura ditu: mugikortasunaren hobekuntza, arintasuna, oreka eta osasun kardiobaskularra.

Gainera, igeriketa-ikastaroen eskaintza zabaldu da. Helduentzako eskaintza osatzeko, ziklo indoor, dantza, gimnastikaren modalitate batzuk, pilates, yoga, padel, tenis eta aquagym eskainiko dira.

Adinekoentzako kirol-eskaintzari dagokionez, berriz, Fadurako eta Gobelako kiroldegietako jarduerez gain, jarduerak proposatu dira Romo Kultur Etxean eta herriko hainbat parketan. Jarduera batzuetan, beharrezkoa izango da Getxo Kirolak-en abonamendu-txartela izatea eta ordainpekoak izango dira, eta beste batzuetan, sarrera librea eta doakoa izango da. Jarduera aipagarrienen artean honakoak daude: aquagym, karate, yoga eta gimnasia parkeetan. Gainera, mantenduko dira 60 urtetik gorakoei zuzendutako defentsa pertsonaleko jarduera, ibiltzeko geratzeak eta belaunaldien arteko kalistenia programa, larunbat goizetan Ereagan.

Eskaintza xehatuaren berri izateko, Getxo Kirolak-ek liburuxkak argitaratu ditu; honela eskura daitezke: Faduran eta Gobelan herritarrak artatzeko bulegoetan, edo Getxo Kirolaken web orrialdean deskargatuta.