Donostia. Mariasun Landak eta Maite Gurrutxagak atzo aurkeztu zuten Maitagarria eta desio (Elkar) liburua. Hala ere, ez da idazleak eta margolariak elkarlanean egindako lehenengo narrazioa, duela bi urte Ipurtargiak paradisuan argitaratu baitzuten. Landa orain dela 30 urte hasi zen idazten eta bere lehen liburua Amets uhinak izan zen. Bestalde, urte hauetan guztietan hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, 1991n Euskadi Literatura Saria eta 2003an Espainiako Sari Nazionala.
Landaren esanetan, "30 urtetako esperientzia guztia batzen duen liburua da" Maitagarria eta desio. Bere irudiko, "liburu bakoitza desberdina da eta beti dagoe zerbait berria, aurrerapauso bat". Liburua narrazio labur gisa argitaratuta dago aurretik, baina idazlea istorioa gehiago garatzeko gogoarekin geratu zen eta Maitagarri eta desio luzatzea erabaki zuen.
Neskato eta maitagarri baten istorioa kontatu du, bi pertsonaia bereziak, idazlearen aburuz. Neskatoak maitagarriari laguntzen dio eta ordainetan edozein desio beteko duela agindua ematen dio maitagarriak. Baina neskatoak esaten dio bere denbora behar duela pentsatzeko zer desio eskatu. Beraz, liburua desioari buruzko gogoeta bat da. Idazlearen irudiko, "gerta litekeen gauzarik okerrenetako bat bizitzan desiatziari uztea da: agian ez da beteko edo agian bai, baina garrantzizkoena desiatzea da."
Desioa Denboraren ildotik doan liburua da. "Gure denbora eta maitagarriarena desberdina da. Maitagarriak hilezkorrak, ahalguztidunak eta ederrak dira. Gure bizi-tza berriz, mugatua eta hilkorra". Protagonista gizatiarrak desioa eskatu behar du baina maitagarriari esaten dio biharamunean itzultzeko, ondo pentsatu behar duela zer eskatu.
Beti egon baita horrelako kutsu negatiboa desioak eskatzen zuten pertsonen artean, gehienetan zorigaizto bihurtzen zelako desio hori.
Errealismo kritikoaren kutsua ere badu lanak eta gaur egungo errealitatea eta egoera bertan aipatzen dira, krisia tarteko. Gurrutxagak aitortu zuenez, atentzioa deitu dio "Mariasunek errealitatea eta fantasia uztartzeko duen erreztasunak ". Ez ditu brillantinazko eta arrosazko maitagarriak egin, lumekin baizik.