Sormenaren mamu ilunak
Sortzearen arazoak eta transmisioa lantzen ditu zine aretoetan dagoen 'Xora'k
Donostia. Jainkoak sortzeaz eta desegiteaz, sormenaren inguruko itaun klasikoez, belaunaldi arteko transmisioaz eta kontu gehiagoz hausnartzeko bidea ematen du Xora-k, zubereraz eginiko lehen film luzeak. Pasa den astean estreinatu zen Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta ostiraletik dago gure zinema aretoetan.
Filmak mutil gazte bat du protagonista, zeinaren izenik ez zaion ikusleari jakinarazten. Informatikaria da, bizimodu lasaia darama, badu etxe bat, baita autoa ere, baina halako batean aspertu egingo da, eta idazteari ekingo dio. Orduan hasten da istorioa korapilatzen: mutilak badu osaba bat, Hollywood deitzen diotena (garai batean Hollywooden ibili baitzen B serieko gidoilari gisa), etengabe itzal egiten diona, benetan miretsi arren gainditu beharreko oztopo bilakatzen zaiona. Eta istorio guztiaren atzean, azkenik, itzal ilun bat, mamu bat, guztia zeharkatzen duena, zehazki zer den argi ez dagoen arren.
Zubereraz filmaturiko lehendabiziko pelikula luzea da, eta Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak adierazi zuenez, "Xora-k sekulako garrantzia du hizkuntzaren berreskuratzeari dagokionez". Dena dela, "militan-tzia hutsetik haratago" joateko beharra ere azpimarratu zuen aurkezpenean, eta euskarazko ekoizpenetan kalitateak izan behar duela ardatz. Auzolanean sortutako proiektua izaki, Ximun Carrere ekoizleak esan zuenez, "zinema industriaren barnean arte hitza aintzinerat eramatea du helburu", eta zinemako erreferentzia handiei eginiko "keinuak" aurkituko ditu ikusle jantziak -David Lynch aipatu izan du inoiz zuzendariak-.
Lan guztia "korrontearen kontra" egin dute, Titika Rekalt aktorearen aburuz, eta erakutsi dute gauzak egiteko beste modu bat badagoela: "Harresiz inguratutako mundu batean bizi gara, bakoitza aditua da zerbaitetan eta horretan moldatzea eskatzen zaio. Guk kontrako ideiatik partitu dugu, ez dakigu ideiatik. Bagenuen gogoa, ez genekien egiten, eta, hala ere, egin dugu. Zorionez, Euskal Herrian oraindik badira zirrikituak gisa honetako proiektuak aurrera ateratzeko".
"Ehun urte badira zinema sortu zenetik, eta historia guzti horri ezin zaio bizkarra eman, hor dago eta horrek elikatzen gaitu". Peio Cachenautek horrela egin zuzen berba aurkezpenean, Xora sortzeko orduan buruan zerabiltzan gogoetez mintzatzen zela. Kezka nagusiak, bi: "Nola gauzatu zinemaren transmisio hori", alde batetik, eta "nola sortu gauza berriak ondare horretatik edan bitartean", bestetik. Originaltasunaren eta transmisioaren arteko oreka bilatzea izan du buruhauste, beraz. Istorioan, literatura medio azaleratzen dira dilema horiek guztiek.