BILBO. Lezamar idazle finaren ekarria omentzeko jaio zen Haur Literaturako Mikel Zarate saria, duela hiru urte. Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak bultzatutako sariak haurrentzako irakurgai berriak sortu eta euskal idazleen lana bultzatzea du xede, eta horretan dabiltza ordutik. Atzo Bilbon aurkeztu zuten azken emaitza, Julen Gabiriaren Nire aita ikusezina da. Galdakoztar idazleak kontakizun honekin irabazi zuen bigarren deialdia, eta lanarekin batera III. deialdia ere zabaldu zuten. "Aurrekoen arrakasta ikusita pozik gaude, eta ondorengo urteetan ere sariketa hau bultzatzeko prest dago Lezamako udala", esan zuen Alaitz Etxeandia Lezamako alkateak.
Lejarre baserriko semea harro legoke sariaren emaitza ikusita: partaidetza handia eta lan bikainak. Iaz Julen Gabiriak eskuratu zuen lehiaketa eta atzo irribarre-tsu agertu zen Elkarrek Poza kalean duen liburu-dendan, lan berriak zer dakarren azaltzeko prest. "Gizontasuna eta gizonkeria dira liburuaren ardatz", zioen Gabiriak, Mendigurenek obraren merituak azpimarratzen zituen bitartean: "Maisutasunez uztartu ditu gogoeta, umorea, fikzioa eta gurasoei benetan gertatzen zaizkien pasadizoak liburu honetan, gurasoen eta umeen arteko hari paralelo ugari sortu dituela".
Liburuaren protagonista nagusia Elene da, hamaika urteko neskatila. Biolina jotzen duen nobio makarra bat du eta neba jaioberri bat, Xabat. Kalera ateratzen direnean jende guztiak egiten dio kasu umeari, amari, Eleneri... baina inork ez du ikusten aita: ikusezina bihurtu da. Hari horretatik tiraka lan argigarria ondu du Gabiriak, "umeen-tzako eta nagusientzako interesgarria izan daitekeena", egilearen beraren aburuz, eta testuak Patxi Gallegoren irudi "harrigarriak" ditu lagun. "Kriston lana egin du Patxik; oso modu errealistan eginiko marrazkiak dira, eta hurbildu ez, murgildu egin da istorioan", azaltzen zuen Gabiriak berak.
Orain, Lezamako udalak eta Elkarrek III. aldirako deialdia zabaldu dute. Honela, Mikel Zarate sarira Lehen Hezkuntzako ikasleentzat euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, 2012ko apirilaren 30a baino lehen. Sari bakarra emango da, 3.000 eurokoa, eta argibide gehiago nahi dituenak 944556007 telefonoa du eskura.