BILBO. Orain arte El lago de los cisnes ikuskizunak hartu du Arriagako oholtza eraldatua, baina gaurtik aurrera bestelako emanaldiak izango dira, Mari Errauskinek hartuko diolako txanda zisneen dantzari.
Arratsaldeko 19:00etan La Cenicienta izotz gaineko baletaren estreinaldia izango da. Ikuskizun zirraragarri honek haurrak zein nagusiak liluratuko ditu ziur asko. The Imperial Ice Stars konpainiak istorio unibertsalaren inguruan eginiko bertsioak badu bere xarma, izotz gainean egiten baitute oso-osorik. La Cenicienta gaur, bihar, etzi eta igandean antzeztuko da. Arriaga Antzokiak edozenbat emanaldi programatu ditu egun horietarako, eta baita Ikuslearen Egunak ere, prezio merkeagoekin. Gabon hauetan Bilbon eskainiko diren ikuskizunik bitxiena ez da hain garestia izango, beraz.
Ikuskizunak izotz gainean an-tzezten ohituta dauden konpainien artean, The Imperial Ice Stars munduko nagusienetako bat da, eszenatokiak berak eskaintzen dituen konplizitate eta hurbiltasuna ondo baino hobeto aprobetxatzen baitute.
ekoizle ausartak Konpainia 2004an sortu zuten entretenimenduaren alorreko bi ekoizle garrantzitsuk, Tony Mercer eta James Cundallek, iraganean abiadura-patinatzailea izandako negozio-gizon baten laguntzarekin (Vladislav Olenin). Ezin ukatu ausardia galanta erakutsi zutela.
Harrezkero hiru milioi ikusletik gora bildu dituzte mundu osoan zehar eginiko emanaldi arrakastatsuetan.
Gogoratu behar da konpainiak plantilla itzela duela, tartean 25 patinatzaile txapeldun, munduko, Europako eta nazio mailako lehiaketetan 250 domina baino gehiago irabazi dituztenak.
Beste gauza batzuk ere nabarmendu daitezke. Esaterako, konpainia honek perfekzionatu du izotz-pistak eszenatoki gainean sortzeko teknika, bere artistentzat egokiak diren patinatze-azalerak eginez eta muntatuz. Bi hozkailu, hamabost kilometrotik gorako hozte-hodiak eta 2.700 litro ur erabiltzen dira hamalau tona izotz sortzeko, patinatzaileek beren trebezia erakutsi dezaten horren gainean. Beraz, gaur izango da nahikoa zilipurdi eta jauzi Bilboko An-tzoki ederrean.