Bilbo. Seigarren aldia zen Estiballesek Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantatzen zuela, baina ez zuen oraindik txapelaren epela ezagutzen. Ezta buruz-burukoaren nerbioak ere. Aurreko txapelketan, 2008an hain zuzen, lortu zuen zapatura arteko bere posturik onena: hirugarren lotu zen. Hirugarren izatetik txapeldun izatera igaro da beraz, txapeldunorde izatea zer den ezagutu barik.

Brontzetik urrera, zilarretik pasa barik... Zorionak.

Eskerrik asko. Oso pozik eta gustora nago egindako saioarekin, gainera. Final hunkigarria izan zen.

Une berezirik?

Hiru momentu bereiztuko nituzke: bata, finala hasi aurretik, nire ikasle izandako Peiorekin (Ormazabal) eszenatokian jarri nintzenean, harmailetan inor ez balego bezala; lasaitasunez hartzeko esan nion. Beste bat buruz-burukora, Etxahun eta biok pasatuko ginela esan zutenean. Lasaitua hartu nuen hor, Etxahun ondo ezagutzen dudalako eta elkarrekin entrenatzen dugulako. Eta, azkenik, txapela janzteko momentua. Lagunak, gurasoak, bertsokideak... etorri zitzaizkidan gogora.

Finaleko kideen artean apopiloa izanda gozamen bikoitza?

Bai, bereziki hunkigarria izan zen. Duela sei urte sortu genuen bertso eskola Arrigorriagan eta Peio izan nuen ikasle bertan. Eta bat-batean, zuk irabazten duzun urtean, zure ikaslea, hamazortzi urterekin finalista gazteena izatea eta ondoan eukitea, bertsolagun. Ofizioa kantatu genuen batera gainera. Oso momentu hunkigarria izan zen, benetan.

Baina bi belaunaldiren arteko lehia puntua ere izan zuen finalak.

Hala da. Urte asko daramatzagu gure belaunaldikoek plazaz-plaza baina, Igorrek (Elortzak) zenbait txapel irabazi ostean, tarteko belaunaldi oso bat erreferentzia barik gelditzearen arriskua zegoen. Onintza, Etxahun eta ni bagara bertsozaleentzat erreferentzia, baina txapel batek konfirmatu egiten du hori. Bertsolaritzarentzat ere ona izan dela uste dut.

Durangoko prentsaurrekoan Onin-tzak eta finaleko hasierako agurrean zuk hortzak erakutsi zenizkien gazteei, badaezpada...

(Barreak) Txapela hor zegoela ikusten nuen eta gure belaunaldikook ere ardura berezia geneukan, finalak arriskua zuelako. Azken batean, zortzi finalistetatik bost berriak zirelako eta, nahiz eta bertso maila ona izan, gazteak zirelako batzuk, publikoarentzat ezezagun bakarra Peio bazen ere. Orduan, ardura puntua, maila personalean izateaz gain, kolektiboki ere bagenuen, maila oneko saioa izan zedin.

Bada, pozik atera zen bertsozalea.

Nik ere uste dut finala polita izan zela bertsozalearentzat. Jendeak beldurra zuen aurpegi berri asko egoteak Txapelketan izan ahal zuen eraginarengatik, baina orokorrean maila oneko saioa joan zela esango nuke.

Nahiko orekatua, gainera.

Hori azpimarratuko nuke ere. Txapelketa batzuetan bi-hiru bertsolari besteen gainetik nabarmentzen badira ere final honetan kantatu zuten guztiak, neurri batean, etxera pozik joan zirela uste dut. Beñatek bertso antologiko batekin errematatu zuen puntua, Etxahun oso ondo aritu zen buruz-burukoan, Onintzaren lehen bakarkakoa ikaragarria iruditu zitzaidan, puntazo onak izan zituen Abarkasek, Jone Uriaren ofizioak la ostia izan ziren... Orokorrean denok egin genuen zeozer ona eta izen desberdinak nabarmendu ziren ariketa bakoitzean.

Saioak aurrera egin ahala gora egin zuen zure bertsokerak; zeure buruarekin gustura zeundela ematen zuen.

Oso garrantzitsua izan zen niretzat zortziko handiko lehen ariketan lasai eta konfidantzaz hastea. Horrela hasteak sendotu egiten du saioa. Zortziko txikian gero, umorerako joera izaten dut eta eroso sentitzen naiz txispa horrekin. Eta hamarreko txikian, umoretik zein seriotik jo zezakeen gaiak, eta zortea izan nuen, gai umoretsua tokatu zitzaidalako.

Umorea duzu marka bereizgarria?

Ez dakit nire puntu fuertea den baina gehiago disfrutatzen dut.

Bakarkako lanetan bota zenituen bertsorik ederrenak.

Etxahunekin nago zorretan hor. Berarekin entrenatu dut eta, bertsoetan aritzeaz gain, gauza askotaz hitz egin dugu. Finalean gauza asko aldatzen dira eta, bakarkako ariketan, hiru edo bi bertso botatzearen artean, bertsolari batentzat, mentalki, alde handia dago. Bi bertsoko ariketan arriskatzera joan behar duzu, doinu eta neurri harrigarriekin.

Horien hautaketan aholkatu zizun Lekuek, orduan.

Bai. Neurri batekin nenbilen ni eta Etxahunek esan zidan deskribapenak eta xehetasunak azaltzeko erraztasuna dudala nik, berak ez duela dohain hori -beste asko ditu-, eta bakarkarako lantzen nengoen doinuarekin ez nenbilela ondo. Kasu egin eta berak zerabilen berdinarekin jarraitu nuen. Gustura sentitu eta neurri horretan abestu nituen kotxearena eta telefonoarena. Berari zor dizkiot horiek.

Zer azpimarratuko zenuke finaleko zure lanetatik?

Ofizioetan halamoduz ibili nintzen, baina bakarkako lanetan asmatu nuela uste dut. Hala ere kotxearen bertsoetan asko sufritu nuen: bigarren bertsoaren erdian errimak falta zitzazkidan eta zailtasun handiz ailegatu nintzen bukaerara. Baina egoera horietatik irten ahal izateak poztasuna eta lasaitasuna ematen dizu; errekurtsoak dituzula erakusten diozu zeure buruari.

Gozamenerako eguna, beraz, eta horrekin batera txapela, makila eta 52 txakolin botila. Baten bat gera-tzen al zaizu dagoeneko?

Txapela banaezina bada ere ordurako lagun guztiek jarri dutela uste dut (barreak). Baina botilak bai, botilak banatuko ditut, eta argi daukat batzuk (Beñat) Ugartetxearentzat izango direla, puntuetako bere bertsoak antologikoak izan zirelako. Eta gainontzekoak, bada... lagun txakolinzale pilo bat atera zait orain!