Durango. Musika mundutik harago eman zituen hurratsak Gontzal Mendibilek (Zeanuri, 1956) laurogeita hamargarren hamarkadan, Iparragirreren musikala zuzendu zuenean. Eta ordutik ez dizkio bere sormenari hesiak jarri izan gura: Olentzaroren musikala lehenengo, Arruperena duela bi urte eta lehen Eusko Jaurlaritzaren sorkuntzaren antzeztea aurten.

Egin izan duzu beste zenbaitzuen bizitzaren inguruko lanik, baina Agirre Lehendakariak badu bestelako esangura bat, ezta?

Bai, pertsonaz gain, Gobernua eta garaia ere bada. Urte latzak izan ziren haiek, gerra garaian, eta arrapaladan egin behar izan zuten. Nik egin dudana izan da hori guztia berriz sortu, baina ez dut ezer asmatu. Konpondu dugun gauza bakarra estetikarekin dauka zerikusirik.

Erdi Aroko bufoia eta koplaria sartu dituzue antzezpenean, baina.

Ikuskizun ukitua ematearren egin dugu. Bestela, diskurtsoekin bakarrik, aspergarria izan zitekeen. Gainera ni ez naiz politikaria, ni deitu naute artista naizelako eta ikuskizuna sortzeko. Baina horretaz gain, Gernikak sinbologia eta historia dauka, horregatik ekarri genituen Erdi Aroko bi pertsonaia horiek.

Agirre Lehendakaria irudi politiko bezala bada ezaguna, baina horrelako zerbait zuzentzeko pertsonaren barruan ere sartu behar izango duzu.

Historiaren ikuspuntutik Iñaki Goioganak lagundu dit eta familia aldetik Josebarekin, bere semearekin, egin dut berba asko. Hala ere, datorren urterako musikala prestatuko dugu, ahal bada, eta hori zailagoa izango da, pertsonaren barrura sartu behar baitzara horrelakoetan. Orain aurkeztu dugun dvd-a rekreazioa baino ez da, baina musikala egingo bagenu gauza serioagoa li-tzateke. Baina, tira, horretan jada eskarmentua daukat.

Argi dago horrelako egitasmoak gai-tzak direla sortzen baina zer ematen dizute zuri, horietan jarraitzeko?

Azken batean teatroa maite duen herri batekoa naiz ni, Zeanurikoa, eta aitite ere antzerki aktorea zen. Orduan, beti izan dut aukera horrelakoetan parte hartzeko eta horrexegatik ere heldu zait azken enkargu hau. Agian bakarrenetarikoa naiz horrelakoak egiten, baina oso zorioneko sentitzen naiz.