lekeitio. Lekeitioko kale antzerki jaialdiko hogeigarren edizioak "sekulako arrakastarekin" itxi du oihala. Guztira 18.000 ikusle batu dira egin diren hamahiru emanaldietan eta kalean bizi izan den "giroa eta zirrara" dira aurtengo balantzearen argumenturik sendoenak. Ekitaldi jendetsuena larunbat gaueko piroteknia ikuskizuna izan zen. Aurrekoetan kaleetan zehar egiten ziren correfoc direlakoek jarraitzaile ugari izaten bazuten, aurten Les Commandos Percu frantziarrek emandako Le Concert de Feu emanaldiak 5.000 lagun inguru batu ditu Independentzia Plazan. Piroteknia eta perkusioa uztartu zituen kontzertua "sendoena izan zen, maisu lana", laburbiltzen du Imanol Agirrek, jaialdiko zuzendari artistikoak. Gainontzeko emanaldiei dagokionez, Lekeitiok argi utzi zuen berriz ere sormen artistiko anitzen zaletasuna duela; Les Commandos Percuren ikusgarritasunaz gain, umorezko lanek -Loco Brusca edo Acrobuffosekin-, edota gai gogor eta aldarrikapenezkoek -Groupe Demonds et Merveilles-en "Les Petits Silences"- arrakasta handia lortu zuten. Egoera ekonomiko latzak bizi diren sasoi hauetan, azken bi urteotan Udalak bere diru ekarpena murriztu egin behar izan du eta horixe da Agirrek agertzen duen kexa bakarra.