Urteko egutegia Aste Santuan hasi eta urte amaiera arte luzatuko da; hamasei bisita gidatu desberdin daude aukeran Geoparkea ezagutzeko (Deba-Mutriku-Zumaia), oinez edota itsasontziz. Euskal Kostaldeko Geoparkeak duen balio natural eta geologiko ikusgarriaz gain, ondare kultural garrantzitsua ezagutaraztea dute helburu urtean osoan zehar Deban, Mutrikun eta Zumaian, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan, eskaintzen diren bisita gidatuek.
Hala, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak bisita gidatu denboraldi berriari ekin dio, zortzigarrena dagoeneko. Aurtengo eskaintza zabalari “Enigma bizia” izeneko bisita gidatua gehitu zaio Geoparkera datozen bisitariei euskara eta euskal kulturaren berri emateko xedez; ezagutzera eman beharreko ondarea denez gero.
Proposamen berri hori Zumaiako Udalak sustatu du Euskara eta Turismo sailen ekimenez eta Geoparkeko bisita gidatuen egitarauaren barruan txertatu da. 90 minutuko bisita horretan, Zumaiako kale esanguratsuenetatik barrena, modu atsegin eta entretenigarrian, bisitariei euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen berri emango zaie.
Bisita gidatuak ia egunero Aste Santutik aurrera
Martxoaren 24tik aurrera, Aste Santuko oporren atarian, Geoparkeak bisita gidatuak eskainiko ditu ia egunero. Urteko egutegia datozen hamar hilabeteetan luzatuko da, abenduaren 30era bitarte.
Proposamen berriaz gainera, Geoparkeak ohiko bisita gidatuak eskainiko ditu: itsas-ibilaldiak, barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, familiartean egiteko proposamenak... Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dira, eta eskaera handiagoa den irteeretan audio gidak daude eskuragarri ingelesez, frantsesez eta baita alemanez ere.
Guztira hamasei bisita gidatu desberdin daude aukeran, gida baten azalpenez lagunduta, Geoparkea ezagutu eta deskubritzeko. Halere, udan proposamen berri bat abiatuko da Mutrikun, Udalaren ekimenez: Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak.
Geoparkearen webgunearen bidez jaso daiteke informazio osoa, baita erreserbak online egin ere; hemendik aurrera, www.geoparkea.eus.
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea
Euskal Kostaldeko Geoparkea Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute eta ondare geologiko, natural eta kultural garrantzitsua du oso. Euskal Herrian daukagun proposamen berezi eta erakargarrienetako bat da geoturismo eta natura-turismoaren baitan. 2010az geroztik Munduko Geoparkeen Sareko kidea da. 2015ean, Geoparkeko ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.
Geoparkeen arteko lankidetza eta elkarlana funtsezko ezaugarriak dira. Egun 127 geoparke daude munduan, horietatik 71 Europan. Hain zuzen ere, Geoparkeak aurten bigarren errebalida-prozesua pasa beharko du Sarean beste 4 urtez egon ahal izateko.