Estrategia analitiko berritzailea garatu dute, ardien ilea noiz mozten hasi ziren argitzeko
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) MetaboloMips taldeak arkeologia esperimentala aplikatu du historiaurreko tresnetan lanolina detektatzeko
MetaboloMips taldeak arkeologia esperimentala aplikatu du silexez eta obsidianaz egindako historiaurreko tresnetan lanolinarik (artilean izaten den argizari bat) izan ote zen jakiteko; horrek adieraziko luke garai hartako gizakiek ilea mozten zietela ardiei eta aukera emango luke ehungintza noiz abiatu zen jakiteko. EHUn garatutako estrategia analitikoak aukera emango du lagin arkeologikoetan lanolinaren degradazio-konposatuak detektatzeko.
Arkeologoek ez dute ebidentzia argirik historiaurreko gizakiak noiz hasi ote ziren ardiei ilea mozten, ez eta ehungintzaren jardueraren hastapenak noiz izan ziren ere. Horren inguruko teoria nagusietako bat da Neolito garaian hasi zela, eta orduan ez zuten metalezko tresnarik erabiltzen, silexez, hezurrez ala harriz egindako tresnak baizik. Hori argitu nahian, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) MetaboloMips taldera jo zuten Kataluniako Giza Paleoekologia eta Gizarte Eboluzioko Institutuko (IPHES) arkeologoek galdetuz ea aurkitu ote zitekeen biomarkatzaileren bat ebidentziak eman ditzakeena orduko gizakiek ardiei silexarekin eta obsidianarekin (garai hartako materialekin) ilea mozten zietela.
Lanolina artilean dagoen argizari naturala da, ardien azala eta artilea ingurunetik babesteko sortzen dena, eta metatu egiten da ardiei ilea mozteko erabiltzen diren tresnetan. Ester, alkohol, gantz-azido eta hidrokarburoz osatutako nahaste konplexua denez, nahiko zaila da lanolina kimikoki karakterizatzea. “Artilea moztean tresnetan geratzen diren lanolina-arrastoak denborarekin degradatu egiten direla ikusi dugu; lanolinaren konposatu nagusiak desagertu egiten dira eta, prozesuan, konposatu berriak sortzen”, adierazi du Asier Vallejo MetaboloMips taldeko ikertzaileak.
Arkeologia esperimentala aplikatu dute denbora luzean argiaren eta hezetasunaren ondorioz degradatutako lanolina nola detektatu daitekeen hautemateko: “Ardiei ilea moztu diegu gaur egun sortutako silexezko eta obsidianazko tresnak erabiliz, eta tresnok degradazio-kamera batean sartu ditugu, simulatzeko urteen poderioz zer-nolako degradazioa gertatzen den eta, hala, ikusteko zer konposatu edo biomarkatzaile diren egonkorrak eta zer konposatu berri sortzen diren. Bestalde, konposatu eratorri horiek hain kantitate txikietan detektatzeko moduak ere bilatu behar izan ditugu”, azaldu du kimikari analitikoak.
Hurrengo urratsa, metodologia antzinako tresnatan probatzea
Orain, helburua da metodologia hau benetako tresna arkeologikoetan erabiltzea, “historiaurreko lanolinaren arrastorik agertzen ote den jakiteko”. Vallejok adierazi duenez, “metodologia hau garrantzitsua da arkeologoentzat, ez baitaukate inolako ebidentziarik ehungintzaren abiapuntua zer garaitakoa den”. Gaur egun, batez ere ardiei parasitoak kentzeko eta udarako prestatzeko moztu ohi zaie ilea, baina garai batean artilea janzteko ere erabili zen. Uste dute litekeena dela Neolito garaian hasi izana ardiei ilea mozten. “Beraz, batetik, silexeko tresnatan lanolina egon zela hautematen bada (alegia, ardiei ilea mozten zietela jakiten bada) eta, bestetik, horretarako erabilitako tresnen inguruan puntzoiak eta halako tresnak azalduko balira, ehungintzaren hasieran geundekeela ziurtatuko lukete”.
Diziplinarteko lan handia egin dela aitortu du Vallejok: “Zenbait talderen ideiak eta lan egiteko moduak integratu ditugu, baita teknika desberdinak ere”. Izan ere, ikertzaileak, lehenbizi, lagin-arrastoak suntsitzen ez dituzten analisi-motak erabiltzen saiatu dira (espektroskopia molekularra), baina ezin izan dute emaitzarik ziurtatu. Beraz, laginak analizatzeko metodologia suntsikorra proposatu behar izan dute (gas-kromatografia eta masa espektrometria). “Horrek esan nahi du historiaurreko silexeko tresnan lanolina-arrastorik izan ote zen jakiteko analisiak egitean arrasto horiek desagertu egingo direla”, dio. Nolanahi ere, ikerketa honek estrategia analitiko eraginkorra lortu du eta kimika analitiko aplikaturako ikerketa-ildo berriak zabaltzeko ateak ireki ditu.
Temas
Más en Ciencia y Tecnología
-
Infografía | Regreso a la Luna: así será la misión de la Nasa 'Artemis II'
-
El DNI digital cambia a partir del 2 de abril y pasa a ser válido para identificarse en cualquier entidad
-
La NASA inicia la cuenta regresiva de Artemis II y asegura que está en "excelente forma"
-
Así acerca el CSIC los eclipses a las personas con discapacidad visual