Azken urteotan, farmazia industriak, farmako berriak bilatzeko lanean, interes handia du "molekula txikien" alternatiba hobetuak oinarri dituzten metodoetan, eta ildo estrategiko horretan, konposatu ziklopeptidikoen arloko ikerketak gero eta garapen handiagoa du farmako berriak aurkitzeko bidean, bai eta medikuntza arloko kimikan eta materialen zientzian ere.

Arkaitz Correak, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko ikertzaileak, azaldu duenez, aspirina edo ibuprofenoa bezalako molekula "txikiak" ez bezala, molekula makroziklikoak tamaina handiko eta pisu molekular handiko mihiztadura molekularrak dira, atomo mota asko multzokatzearen ondorioz sortuak. Zehazki, makroziklo peptidikoak modu ziklikoan konektatutako aminoazidoz osatuta daude, eta horrek esan nahi du aminoazido katearen muturrak lotuta daudela, eraztun bat osatzen dutela, eta horren ondorioz, konposatu zikliko horiek propietate berezi eta bakarrak dituzte aminoazido linealen aldean (ez-ziklikoen aldean), hala nola: zelulen iragazkortasun handia, termoegonkortasun handia eta degradazio proteolitiko entzimatikoarekiko erresistentzia handiagoa. Hau da, konposatu zikliko horiek propietate farmakozinetiko egokiagoak dituzte agente terapeutiko eraginkorrak izateko, zelulak eraginkortasun handiagoarekin igarotzen baitituzte eta irenstean ez baitira azkar degradatzen.”

FDAk (Food and Drug Administration, Amerikako elikagaien eta sendagaien administrazioak) klinikoki onartutako peptido zikliko gehienak produktu naturaletatik eratorriak dira, hala nola mikrobioen aurkako produktu naturaletatik edo giza hormona peptidikoetatik. Hala ere, analogo sintetikoek erabilera zabala dute kimika biologikoan, batez ere proteina-proteina interakzioak bezalako ituetarako, horiek ezin baitira erraz erregulatu molekula txikiko farmakoekin.

"Ziklopeptido ospetsuenetako batzuen artean, honako hauek aipa daitezke: bankomizina (antibiotiko oso indartsua), lanreotida (minbiziaren aurkako konposatua) edo S gramizidina, historian oso ezaguna, izan ere, Bigarren Mundu Gerraren amaieran aurkitutako peptido zikliko bat da eta berehala hasi ziren gerra horretan erabiltzen bala zauriak desinfektatzeko. Egoera hori izanik, gaur egun, oraindik ere, erronka handia da ziklopeptidoak sintetizatzeko tresna berritzaileak garatzea, oso egitura konplexua baitaukate", azpimarratu du ikertzaileak.

Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko “Katalisi Jasangarria: Metodoak eta Konputazioa” ikertaldean metodo berritzaile bat garatu dute katalisi jasangarria duten ziklopeptidoak eskuratzeko, kobrezko gatz oso merkea erabilita eta airea izanik oxidatzaile, hau da, baldintza oso erakargarriak jasangarritasunaren ikuspegitik, ez baitute oxidatzaile kimiko toxikorik erabiltzen. "Gure metodoa berritzailea da horrelako konposatuetara heltzeko, eta orain arte ezezagunak ziren egiturak dituzten ziklopeptido familia zabalak prestatzea ahalbidetzen du (ACS Catalysis-en argitaratu dute metodoa (nazioartean ospe handiko aldizkari amerikarra, katalisi kimikoaren arloko aurkikuntza puntakoenak argitaratzen dituena; 13.1 inpaktu indizea lortu dute)).

Ziklopeptido naturalek, beren osaeran, elkarren artean konektatutako aminoazidoak baino ez dituzte, baina gure estrategiaren oinarria fenotiazina talde bat sartzea da (medikuntzan erabilera zabala daukan konposatu heterozikliko nitrogenatua eta propietate lumineszenteak dituena), eta horrela, dagokion konposatu makroziklikora iritsi; oxidazio prozesuak eragiteko eta tirosina aminoazidoaren hondarraren bidez molekularen barruan bertan harrapatua izateko daukan erraztasunaz baliatzen gara hortik abiatuta egitura ziklikoa sortzeko», azaldu du Arkaitz Correak, proiektuaren ikertzaile nagusiak.

Horrela, ikertalde honek konposatu ziklopeptidikoen familia berri bat prestatu du: konposatu horiek talde ez-natural bat dute txertatuta egituran, eta propietate berri eta interesgarriak izan ditzaketela uste dute. “Elkarlanean ari gara hainbat ikertalderekin aztertzeko konposatu horiek ezaugarri luminiszenterik duten eta ziklopeptidoak prestatzeko metodo berriak lantzeko. Komeni da azpimarratzea gure taldeak batez ere oinarrizko ikerketa egiten duela, eta tresna sintetiko jasangarri berriak garatzen ditugu, hau da: konposatu ezagunak modu eraginkorragoan lortzeko metodoak diseinatzen ditugu edo, gehienetan, aukera ematen dutenak lortzeko sintesi kimikoan oinarritutako ohiko metodoen bidez prestatu ezin diren konposatu ezezagunak. Gure funtsezko azterlanetatik propietate berri eta interesgarriak izan ditzaketen konposatu kimiko ugari lortzen dira", adierazi du, bukatzeko, ikertzaileak.