- Hilabete gogorrak izan dira guztiontzat, baita, nola ez, jubilatuentzat ere. Jarduera asko gelditu behar izan dituzte, besteak beste, hainbat elkartek antolatzen dituztenak. Orain, aurreko hilabeteetako osasun-egoera oso bestelakoa izanik, Mungiako Danontzat jubilatuen elkarteak bere jarduerei ekin die berriro.

Elkarteak bere aktibidadea berreskuratzea erabaki du, izurritea dala-eta hilabete ugari geldi egon ostean. Izan ere, ikastaro, tailer eta ekintza ugarik osatutako eskaintza eskainiko du urriaren 4tik aurrera, beti ere aurreikuspenen arabera. Hainbat ikastaroren eskaintza egingo da, besteak beste: yoga, pilates, euskera, ingelesa, barreterapia, patchwork, puntu eta kakorra- tza, informatika, korua eta eskulan ikastaroak.

Gainera, dantza mota desberdinak ikasteko aukera eskeiniko du elkarteak. Horrela, saloi-dan- tzak, sevillanak, lerro-dantza edo euskal dantzak ikasteko aukera izango dute jubilatuek. Modu seguruan egin ahal izateko, jarduera guztiak diseinatu dira osasun-baldintza egokiak betez. Izan ere, jarduera guztiak modu seguruan egitea izan da jarduerari berrekitean ezarri duten helburuetako bat, beharrezko neurri guztiak betetzen direla ziurtatuz.

Beste alde batetik, irteera eta bidaia ugari ere antolatuko dituzte datozen hilabeteetarako. Informazio gehiago nahi izanez gero, elkartearen bulegoan emango zaie interesdunei, asteartetik ostegunera 10:30 eta 13:00 bitartean eta ostiraletan 10:00etatik 11:45era.

Beste alde batetik, aipatu behar da Nagusien Toxokoa zabalik dagoela jada, eta “horrek hartu-emanetarako eta aisialdia igaroteko aukera egokia ematen du, beti bere gaur egungo osasun-egoereak eskatzen dituen segurtasun-neurriak errespetatuta”, azaldu dute. Beraz, Danontzat elkarteari esker, Mungiako jubilatuek jarduera dibertigarri ugariz gozatzeko aukera izango dute, segurtasuna mantentzeko beharrezkoak diren osasun-neurrien pean.