Mungiak mugikortasun iraunkorraren aldeko jarduerak programatu ditu

Bizikleta-irteerak, zinea, orientazio proba edo auto gabeko eguna, besteak beste

16.09.2021 | 01:04
Jarduera desberdinak antolatu dira mugikortasun iraunkorraren inguruan.

Bizikleta-irteerak, zinea, orientazio proba edo Auto Bako Eguna jarduerak antolatu ditu Mungiako Udalak aurtengo Europako Mugikortasunaren Asterako. Horrela, gaurtik irailaren 22ra arte, Udalak ekintza desberdinak antolatuko ditu herriko hainbat lekutan. Beste alde batetik, irailaren 30a arte, Mugikortasun iraunkorraren 3.argazki-lehiaketa antolatu du Udalak.

Gero eta garrantzitsuagoa da herri eta hirietan mugikortasun iraunkorra sustatzea. Mungiako Udalak aurten ere ekintza desberdinek osatutako programazioa eskainiko die herritarrei Mugikortasunaren Europako Astea dela eta. Ildo horretatik, mugikortasun jasangarria sustatuko duten jarduera ugari bideratuko dira ekimen honen harira, hori bai, denetan covid-19aren aurrean indarrean dauden segurtasun-neurri guztiak errespetatuta beti.

Hasteko, bihar herri barruan bizikleta erabiltzen ikasteko tailerra antolatuko da Matxin plazan, arratsaldeko 17:00ak eta 18:30ak bitartean. "Ekintza hori Mungiako familiei zuzenduta egongo da; Udalak gogorarazi egiten du honetan parte hartzeko derrigorrezkoa dela bizikleta ekartzea, izan ere, herrian zehar irteera bat egingo da", aipatu dute Udaletik. Gainera, beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea tokikoagenda@mungia.eus helbidera idatzita.

Mugikortasun iraunkorrerako urratsak emateaz gain, garrantzi- tsua da ildo horri jarraituz egiten diren ekintzen adibideak ikustea eta horietatik ikastea. Horregatik, zine saio bat ere antolatu dute. Horrela, bihar ere, 21:00ak eta 23:00ak bitartean, Mobidu hadi! zine saioa eskainiko da Torrebillela kultur etxean.

Horretan, iraunkortasuna susta tzeko garraioak erabilita egindako bidaia eta izandako bizipen pertsonalei buruzko film, film labur eta dokumentalen emanaldiak eskainiko dira, kasu honetan Cincecicleta-ren África en Cinecicleta dokumentala aurkeztuta.

Orientazioa eta argazkiak


Igandean, berriz, irailak 19, herri mailako orientazio proba egingo da. Foruen plazatik 10:00etan irtengo da eta amaiera 14:00etarako dago programatuta. Izen-ematea cobidea.com helbidearen bidez egin beharko da.

Irailaren 22an, Mungiako ikastetxeetako ikasleek Mobidu oinez jardueran hartuko dute parte, goizeko 9:30etik aurrera. "Hain zuzen ere, eskola-bideak sustatuta eta mugikortasunarekin lotutako tailerren bidez antolatuta", azaldu dute. Amaitzeko, 17:00ak eta 20:00ak bitartean, Matxin plazan Auto Bako Egunaren inguruko ekintzak antolatuko dira, "kasu baterako, bizikleta-ginkana eta bizikletaren oinarrizko mantentze-lanen tailerra".

Beste alde batetik, Argazki lehiaketa ere antolatu du Udalak. Aurtengoa, mugikortasun iraunkorraren 3.argazki-lehiaketa izango da, "Korridu Mungia" izenburua eta gaia erabilita, hau da, "argazki-lehiaketa honen helburua, iraunkortasunari eta irisgarritasunari erreparatuta, Mungiako kaleetan zehar zelan mobiduten garen erakustea da".

Parte hartzeko, interesa duten pertsonek gutxienez 3 argazki bidali beharko dituzte irailaren 30a baino lehen tokikoagenda@mungia.eus helbide elektronikora; argazkiotan bizikleta, autobusa, metroa, patinak edo bestelako garraiobide jasangarriak agertuta. Irabazleak 150 euroko bonua jasoko du herriko establezimenduetan erabiltzeko. Lehiaketaren oinarriak eta gainontzeko informazioa Udaleko web-gunean dago eskuragarri (www.mungia.eus).

lehiaketa

Argazkiak

Garraio jasangarria. Gutxienez 3 argazki bidali beharko dituzte irailaren 30a baino lehen tokikoagenda@mungia.eus helbide elektronikora; argazkiotan bizikleta, autobusa, metroa, patinak edo bestelako .garraiobide jasangarriak agertu beharko dira.

noticias de deia