Mungiako Udalak kultur programazioaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi du udan. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen asteotarako, eta horietan musika, dantza eta umorea izango dira protagonista. Udalak kultura-ekintza ugari antolatuko ditu hile honen amaieran eta uztailean zehar. "Segurtasun kontuak direla eta, ekitaldioz gozatu nahi dutenek gonbidapenak aurretiaz eskuratu beharko dituzte", azaldu dute Udaletik. Herriko festak ospatuko ez diren arren, kultura-programazioa indartu egingo da egun horietan. Gainera, uztailean zehar, aire-zabaleko zinea eskainiko da eta kaleko antzerkia ere.

Egun horietan, besteak beste, Olatz Salvador eta Antton Telleria izango dira Mungian. Programazioaren zatirik handiena Olalde Aretoan antolatuko da; eta, segurtasun eta pertsona-edukiera kontuak direla eta, ikusleek euren gonbidapenak eskuratu beharko dituzte aurretik Olaldeko leihatilan. Aipatu behar da pertsona bakoitzak, gehienez, 4 gonbidapen hartu ahal izango dituela.

Olatz Salvador kantautoreak estrainatuko du udako programazioa, gaur 20:00etatik aurrera. Aho Uhal lana aurkeztuko du. Bihar, berriz, Antton Telleriak beteko du aretoa umorez Nekatutak (+16) bakarrizketaren saio bi eskainita; 19:00etan eta 22:00etan. Hilaren 29an, Taket Mungiako Bertso Eskolak antolatutako bertso saioaz gozatzeko aukera egongo da, Andra Mari Gunean, 13:00etan. "Bertan ikusi ahal izango ditugu Miren Amuriza, Aitor Esteban, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga; eta, ohiko lez, Benar Mandaluniz aurkezle lanetan egongo da". Arratsaldean, Tomaxen Abenturak helduko da Olalde Aretora, Adi, grabatzen, ekin haurrentzako ikuskizunarekin. Kasu honetan ere saio bi eskainiko dira; bata, 18:00etan eta, bestea, 20:00etan.

30ean, Los Cinco Bilbainos igoko dira oholtzara, 19:00etan. Sua taldearen kontzertuak irekiko du hurrengo hileko programazioa, uztailaren 1ean, 20:00etan. Hurrengo egunean, Amilotx Barriro Dantzan dantza-ikuskizunaren saio bi eskainiko dira; 19:30 eta 22:00etan. "Uztailaren 3an, Bataklan Kabaret show-a izango dugu Olalden, 19:00etan eta 22:00etan; eta, amaitzeko, Lukiek taldeak bere kontzertua eskainiko dau bertan 8an, 20:00etan".

Esan bezala, Udalak kulturaren aldeko apostua egiten jarraituko du uzataila osoan zehar, ostegunetan zine-saioak eskainita eta ostiraletan kale-antzerkia, besteak beste.