- Bihar ospatuko da Mungiako ganadu feria. Hileko hirugarren asteburuan ospatzen den azoka honetan, animaliak eta tokiko produktuak dituzten hainbat postu egongo dira. Gogoratu behar da irailera arteko azken azoka dela, eta orduan egingo dela berriro, beti bezala, hileko hirugarren igandean. Ferialekuko postuetan kalitate handiko produktuak aurkitzeko aukera egongo da. Tomateak, tipulak, lekaleak eta hurbileko barazkiak.

Baina gazta, eztia, pateak eta kalitate handiko beste produktu batzuk erosteko aukera ere izango da. Zortzi postu inguru egongo dira saltzen produktu horiekin guztiekin. Beste alde batetik, bertan animaliak ere eramango dituzte; batik bat behiak, abel-gorriak, astoak, pottokak... Ganadu feriako ekoizleen jatorriari dagokionez, normalean Mungialdeko baserritarrek ordezkaritza nabarmena izan ohi dute.

Txikienek ere, beraientzat pentsatutako jardueraren batez gozatu ahal izango dute. Zentzu horretan, pottoka gainean ibilaldi bat egin ahal izango da. Jata-Ondo elkartetik azaldu dutenez, "irailetik aurrera haurrentzako jarduera gehiago antolatu nahi ditugu". Azken azoka hauetan ezin izan dira jarduera gehiegi egin, osasun egoerak eragotzi egin baitu. Nabarmentzekoa da azokak eboluzio bat izan duela, izan ere, mota honetako azoka askotan gertatu den bezala, bestelako erakargarriak sartu dira, baina abereak saltzeko ohiturarekin jarraitu da ere. Baina, zalantzarik gabe, "orain ganadua saltzeko beste bide batzuk daude, eta azokak aldatzen joan dira", azaldu dute. Hala ere, dudarik gabe, Mungiako azokak bere funtsari eusten dio eta garrantzitsuenetako bat da.

Udalak eta Jata-ondo elkarteak antolatutako azoka honek garrantzi handia dauka. Mungian hilabete bakoitzeko hirugarren igandean ospatzen den azoka honek, Bizkaia mailan ere, oihartzun handia dauka, lurralde historikoan urtean zehar modu iraunkorrean ganadu azoka antolatzen duen herri bakarra baita da Mungialdeko hiriburua.

Gainera, 2008 urtetik Cittaslow ekimenaren barnean dago, bertan zero kilometroko produktu naturalak aurkezten direlako. Abereez edo tokiko produktuak dituzten postuez gain, txakurrak adoptatzeko gune bat egongo da. Oso denboraldi gogorra izan da sektore askorentzako, eta gogoan eduki behar da, Mungiako ganadu azoka duela hilabete batzuk itzuli zela, baina hilabete batzuetan ezin izan zen ospatu, Covid-19a dela eta.