Bigarren urtez jarraian, Mungiako San Pedro jaiak ez dira ospatuko. Gaur egungo egoera dela eta, Jai Batzordeak jaiak bertan behera uztea proposatu dio Udalari. Hala ere, beste ekitaldi batzuk antolatzeko lan egingo dutela iragarri dute, betiere egungo egoera errespetatuz eta, gainera, mungiarrek egoerak eskatzen duen bezala jokatzeko eskatuz.

Ohar baten bidez, Jai Batzordeak onartu du inork gustuko ez duen neurria dela, “baina asko dago jokoan, gure osasuna”. Aukera hau “aprobetxatu nahi dugu gure atsekabea adierazteko eta gure elkartasuna eta babesa eskaintzeko pandemia honen ondorioz sufritzen duten eta sufritu duten pertsona guztiei”.

Baina mungiar guztiek nahiko luketen moduan ospatuko ez diren arren, “berriz ere, euren funtsa bizirik mantentzera gonbidatzen zaituztegu, bizi dugun egoeraren arabera antolatu ditugun hainbat ekimenetan parte hartuz”, animatu dute.

“Erantzukizunaren zentzua erakusten jarraitzea dagokigu. Horregatik, Jai Batzordetik birusaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzeko, erne egoteko deia egiten dugu. Bidea luzea eta gogorra izaten ari da, baina gero eta gutxiago geratuko den itxaropena dugu”, diote.

“Mungiar guztion artean lortu behar dugu jaiak betiko eran bigarrenez ospatu ez egiteko ahalegin honek zentzua izatea eta gure osasuna babesteko balio izatea; batez bere arriskurik handiena daukaten bizilagunak gogoan ditugula. Jai-batzordeko kideok, alkarte eta erakundeen izenean, badakigu erantzukizun hori ondo beteko dugula”, aipatzen dute komunikatuan.

Datak hurbildu ahala, San Pedro jaiak ordezkatzeko antolatu dituzten jarduera horietako batzuk zehaztuko dituzte jai batzordekoek. Ziur asko, mungiarrek ere parte hartuko dute. Ezingo dituzte aurtengo jaiak ehuneko ehunean ospatu, baina gogotsu itxarongo diete datorren urtekoei.