Orain dela urte askotatik, Mungian urte osoan zehar ospatzen diren jaialdi desberdinetara hurbiltzen direnek betiko ahotsa entzuten dute megafonian, José Ángel Gabiolaren ahotsa. Aspalditik, honelako ospakizunetan bere hitzak dira ospakizunen garapenerako haria eta, bere aburuz, San Antontxu eguna herriko identitatea azpimarratzen duen eguna da jai hau: "Mungiarrentzako oso tristea da San Antontxu euna ospatu ezin izana, izan ere, gure herriaren nortasuna goraipatzen jaialdi bat da. Esan daiteke gure jai herrikoiena dela, herritarrok gehien disfrutatzen duguna". Gabiren aburuz, ekain amaieran antolatu ohi diren San Pedro jaiak dira bigarren esangurtasuenak, baina hauek kanpoko jendeak ere asko gozatzen ditu; San Antontxuk, ordea, mungiarren identitatea azpimarratzen du.

Bere esanetan, Mungiako biztanleen kode genetikoan doa San Antontxu egunaz gozatzea: "Belaunaldiz belaunaldi garatuz joan den tradizio bat da eta, horregatik, hainbesteko balioa dauka guretzako. Antzinatik, herriko familia eta koadrilak plazara ateratzen dira produktuak eskuratzera eta txakolin bat hartzera. Ondoren, txokoan, herri bazkerian edo beste edozein tokitan elkarrekin bazkaldu ostean, jende guztia erromeriara, pilota partidura zein bertso-saiora jaisten da. Hau da San Antontxuko mamia eta funtsa".