Bentadeseko aterpean herriko elkarte desberdinetako ordezkariak izaten dira euren ekintza desberdinak jendeari azaltzen. Bertan oso ohikoa da Diz-Diz elkartearen postua izatea, orain dela 25 urtetik gora herriko emakumeen indartzearen alde lan egiten duen taldea eta herriko elkarte aktiboenetakoa. "Herriko bizitzaren partaide izatea gustatzen zaigu eta, horregatik, San Antontxu oso aukera ona da jende gehiagok gure jarduera ezagutzeko. Oso gogobetegarria da guretzako jendearekin horrelako hurbiltasuna izatea, horrenbestez, eta jai honek herritarrentzako daukan garrantziagatik, da hain berezia jaialdi hau", azaldu zuen Cristina Mayorrek, Diz-Diz elkarteko kideak.

1995 urtean sortu zenetik, mota askotako ekimen eta ekintzak jartzen dituzte elkarte mungiarreko kideek, dena emakumezkoen figura goraipatzeko eta herriko emakumezkoen aldeko laguntza eta lana eginda. Urte osoan zehar, mota desberdinetako ikastaroak antlatzen dituzte: antzerki eskolak, eskulanak, pilates... Gainera, herriko emakumeentzako laguntza psikologikoa ere eskaintzen dute eta, bestalde, euren batasuna indartzeko bazkari edota bidaia desberdinak antolatzen dituzte. Aurten, izurritea dela eta, herritarren aldeko jarduera ugari egin zituzten; esate baterako, nagusientzako telefonozko arreta.