Jadanik, atzean geratu dira ume bizkaitarrak Olentzeroren, Mari Domingiren eta Errege Magoen heldueraren zain egon ziren garaiak, izan ere, gehienak euren opariekin jolasean aritu dira azken egunetan. Hala ere, asko izan dira euren familien egoera ekonomiko delikatua dela eta jostailu berriak izan ez dituztenak, izurrite garaiak eragin handia izan duelako etxe askotako finantza-egoeran. Honen aurrean, Zamudioko Udalak eta Eroskik elkartasun ekimen bat antolatu dute familia behartsuen alde, jostailu erabilien bilketa. Hilabete amaierara arte, herritarrek euren bigarren eskuko jostailu eta jokoak herriko supermerkatuan edota eskolako atezaindeian utzi ahalko dituzte, ostean antolakuntzak Zamudioko eta Marokoko familia behartsuen artean banatzeko; honela, ekonomia baliabide urriak dituzten haurrek ere jostailu berriak izango dituzte. Antolakuntzak partaideei eskatu die emandako objektuak ahalik eta egoera onenean egotea eta, behin hauek jasota, garbitu eta desinfektatu egingo dira emariak. Horrenbestez, Udalak eta Eroskik, elkarlanean, elkartasuna mahai gainean jartzeaz gain, iraunkortasuna ere sustatuko du, emandako jostailuei bigarren bizitza bat emanda.