2021 urtea jada hasita, Bizkaiako herrietako erakundeak martxan dira aurtengo kudeaketa desberdinak antolatzeko proiektuak diseinatu edo abiatuta. Mungiako Udalaren kasuan, 2020 bukaeran ikusi zuen argi berdea aurtengo ibilbide-orriak, hau da, 2021 urteko aurrekontuen proiektua. EAJ-PNV eta PSE alderdiek udal-korporazioan daukaten gehiengo osa baliatuta, 21.060.151,15 euroko ahalmena izango duen kontua gainditu zuten, aurreko urtean zehar jasandako diru-sarrera jaitsiera modu nabarmenean igarri gabe aurtengo finantzatan. ”Izurriteak eragindako egoera dela-eta, datorren urteko diru-sarreren beherakada izan dugun arren, 2021erako onartutako kopurua 2020rako onartutakoaren antzekoa da; hori gauzatu ahal izateko, Udalean burututako kudeaketa ekonomikoki onari esker, aurreko urteetako aurrezkiak erabili izan dira”, azaldu zuen Leire Bilbaok, Mungiako Udaleko Ekonomia, Ogasun eta Finantza alkateordeak aurtengo aurrekontuen inguruan. Bere eskutik, Ager Izagirre alkateak herritarren lehentasuna aipatu zuen: “Kontu berriei esker, mungiarrekiko ditugun konpromezuak betetzen jarraitu ahal izango dugu, pertsonak ardatz nagusia izanda”.

Herriko gobernuak xedatutakoaren arabera, mungiarren ongizatearekiko konpromezua izango da aurten Udalak jarraituko duen ildoa. Covid-19 gaixotasunak eragindako mundu mailako izurriteak gizarte mungiarrean sortu izan dituen, eta oraindik ere sortu ditzakeen, beharrizanei erantzutea izango da 2021eko lehentasunetako bat. Honetarako, hainbat dira Udalak hartuko dituen neurriak; esate baterako, herriko enplegu egoera hobetzeko sustapen edota formakuntza eta prestakuntzarako ekimenak aurrera eramatea. Bestalde, barne-ekonomiaren sustapenaren aldeko ekintzak ere izango dira, merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu sektoreak laguntzeko proiektuak ere martxan jarriko dira, izan ere, hauek izan dira izurritearen ondorioak gehien pairatu duten sektoreetakoak dira.

Aldi berean, Gizarte Ekintza arlora bideratutako gastua handituko du Mungiako Udalak, Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bitartez zerbitzu desberdinak ematen jarraitzeko; pertsona behartsuentzako elikagai banaketa, osasun-produktuak helaraztea, bakarrik bizi diren pertsona nagusientzako arreta zerbitzua, genero indarkeriaren biktimentzako atentzioa eta abar luze bat. 2021 urterako lehentasunen zerrendarekin jarraiki, udal-zerbitzuen eguneratze eta hobekuntza Udalaren helburuetako bat da, prozesuen eta izapidetzen digitalizaziorako baliabideak indartuta, zerbitzuak eta udal-informazioa herritar mungiarrei gehiago gerturatzeko eta errazteko. Beste alde batetik, covid-19aren inguruko prebentzioa ere indartuko du herriko gobernuak, bertoko kaleetako, udal-eraikinetako eta hezkuntza zentroetako garbiketa lanak areagotuta.

Askoren esanetan, Mungiako gizartea Bizkaiako aktiboenetakoa da urtean zehar antolatzen diren ekintza ugariengatik. Aktibotasun maila hau eta, orokorrean, herriko bizitzari jarraipena emateko, Udalak kultur-, kirol- eta gizarte-elkarteen laguntzak mantenduko ditu. Era berean, planeta zaintzearen aldeko jarrerarekin jarraituko du Udalak, klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera pausoak ematen jarraituta eta energia-eraginkortasunaren aldeko apostua eginda urtean zehar. Honetarako, proiektu desberdinak jarriko dira martxan; adibidez, hobekuntza-lanak bideratuta argiteria publikoaren erainkortasuna areagotzeko eta hondakinen bilketarako.

Herritarren iritziak ere pisu nabarmena izan du aurrekontu proiektua diseinatzerako orduan, izan ere, 2020an zehar egin zituzten iradokizun eta proposamen desberdinak aurrera eramateko aurrekontu-partehartzaileen partida gorde du Mungiako Udalak; esate baterako, umeentzako jolas-gune berria egitea Torrebillela parkean, 100.000 euro gordeta honetarako.

Inbertsioak

Hainbat izango dira urtean zehar Udalak martxan jarriko dituen inbertsio-proiektuak. Herriko kaleetarako zenbait interbentzio daude aurreikusita; batik bat bertoko asfaltatuak egoera egokian mantentzeko lanak, 200.000 euroko kostuarekin, eta herriko irisgarritasuna hobetzeko 100.000 euroko apostua eginda. Era berean, auzoetako zerbitzu eta azpiegiturak hobetzeko 125.000 euro bideratuko dira eta herriko ikastetxeetan ere zenbait berrikuntza ezarriko dira. Legarda Ikastetxeari dagokionez, pistaren estaldura berriztuko da 450.000 euroko inbertsioa eginda eta, Uriguen Haurreskolan, iturgintza lanek 45.000 euroko gastua suposatuko dute. Amaitzeko, futbol-zelaiko harmailak 200.000 eurogatik berriztuko dira aurten.