- Larrabetzuko Udalak aurtengo urteko-kudeaketaren oinarri izango den aurrekontu proiektua onartu du. Kontuan izanda covid-19 gaixotasunak izan dituen arlo desberdinetako ondorioak, aurtengo kontuek %9ko beherakada pairatu dute 2020koekin alderatuta, 2.639.389,5 eurokoa izanda 2021eko finantza proiektua. Osasun-krisialdia dela eta, herritarren beharrizanak asetzea izango da aurtengo lehentasuna, oinarrizko zerbitzuak mantentzea, lehenengo sektorera eta gazteen etxebizitza alokairuetara bideratutako laguntzak ematea, herriko familia behartsuentzako subentzioen partida handitzea eta abar. Era berean, kultura- eta kirol-elkarteei zuzendutako laguntza ekonomikoak mantenduko ditu Udalak eta, bestalde, euskara, kultura, genero berdintasuna eta gazteriara zuzendutako kantitateak ere mantenduko dira. Hala ere, Udalaren helburua beharrezkoak ez diren gastuak murriztea izango da.

Inbertsio aspektuari dagokionez, hainbat dira Larrabetzuko gobernuak mahai gainean jarritako lehentasunen zerrenda, izan ere, %76 batean murriztu da aspektu honetarako partida, 500.000 eurotik 118.000 eurotara jaitsita. Horrenbestez, 5.000 euro bideratuko dira Euskal Herri barrian sorkuntza sustatzeko proiektu baten alde eta 14.000 euro 2030 Agenda abian jartzeko. Gainera, 25.000 euroko gastua egingo da eskolako lehioak isolatzeko eta bertoko skate park-a bukatzeko eta udal-eraikinietan eta informatika zerbitzuak hobetzeko 26.000 euroko apostua egingo du Udalak. Inbertsioekin bukatzeko, 15.000 euro udal-lurrak erosteko zuzenduko ditu Larrabetzuko gobernuak, izan ere, honen helburua baso-politika desberdinak abian jartzea da lehenengo sektorea bultzatzeko.

Murrizketa nabarmena. 2020 urtean izan diren galera ekonomikoak kontuan izanda, Larrabetzuko Udalak %76 batean murriztu du inbertsioetarako partida, 500.000 eurotik 118.000 eurotara.

Egingo diren inbertsioak. 25.000 euroko gastua zuzenduko da herriko eskolan hobekuntzak ezartzeko eta beste 5.000 Euskal Herri mailako proiektua martxan jartzeko. Era berean, 14.000 euro inbertituko dira 2030 agenda martxan jartzeko eta, gainera, udal-eraikinetan eta zerbitzu informatikoak hobetzeko 26.000 euro gastatuko dira. Amaitzeko, 15.000 eurorekin udal-lurrak erosiko dira.