- Musukoak izango dira osasun-egoerak baldintzatutako gabon hauetan ezinbestekoak izango diren apaingarri bakarrak eta, hau baliatuta, Larrabetzuko Udalak euren herri-nortasuna goraipatzeko aukera eman die, maskara berrerabilgarriak salmentan jarrita. Baina, herriko nortasuna altxatzeaz gain, elkartasuna da musuko hauen aspektu bereizgarria, izan ere, hauek eskuragarri izango dira udaletxe eta udal-liburutegian, bost euroren trukean, eta Udalak bildutako dirua Zaporeak proiektu solidarioaren alde bideratuko du. Ekimen honen helburua Europako txoko desberdinetan dauden errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren pertsonentzako kalitatezko elikadura bermatzea da: “Siriako gerrateak sortu zuen krisi humanitarioaren ondorioz, zazpi lagunek Greziara joatea erabaki genuen, Europara ihes egiten zuten pertsonak laguntzera. Sukaldatzera etorri ginen eta, honen harira, tokiko jendearekin, Gobernuz Kanpoko Erakundeekin eta euskal gizartearen elkartasunarekin zaporeak sortu genuen”. Gaur egun, 2.000 pertsona baino gehiagok jasotzen dute proiektu honen anura Lesbos, Chios, Ptras eta Wukrom-eko kanpamenduetan eta, dagoeneko, 700 bolondres inguruk parte hartzen dute elkartasun-sare honetan. Bestalde, errefuxiatuek ere sukaldatze, banaketa eta itzulpen lanetan ere laguntzen dute. “Elkartasunetik bideratzen dizkiguten ekarpen horiek dira gure lanarekin jarraitzeko behar dugun indarra ematen digutenak”, adierazten dute Zaporeak proiektuko kideek euren web-guneko aurkezpenak, jendearen solidaritatea eskertuta. Horrenbestez, ekimen honekin kolaboratu nahi duten larrabetzutarrek oso aukera ona daukate Udalak eskainitako musukoak eskuratuta. Europa mailan bizitzen ari den krisi larriaren aurrean, Zaporeak proiektuaren helburua pertsona errefuxiatuen elikadura osasuntsua bermatzea da eta arlo honetan jendearen ekarpen solidarioak ezinbestekoak dira. Horregatik, Larrabetzuko musukoa eskuratzea laguntzeko aukera bikaina da.