Azken hilabeteetan gizartea bizitzen ari den izurriteak hainbat oso ondorio larriak ekarri ditu arlo askotan; esate baterako, enpleguaren munduan, izan ere, hainbat izan dira covid-19aren ondorioz euren lana galdu duten pertsonak. Honen aurrean, erakunde desberdinak egoera hau hobetzeko ekimen ugari egin dituzte. Mungiako Udalaren kasuan, Eskualdeko Enplegu Plan berria aurkeztu du, hurrengo asteetan hamaika pertsona kontratatzeko orotara. Oraingo honetan, izurriteagatik enplegua galdu duten, langabezia egoeran denbora luzez egon diren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren jasotzaileek eta abar izango dute lehentasuna. Guztira, 200.870,46 euro bideratuko dira enplagagarritasuna hobetzeko proiektu berri hau aurrera eramateko, Mungiako Udalak, Mungialdeko Behargintzak eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu Zerbitzuak antolatuta. “Enplegu politika aktiboen proramak ezinbestekoak dira egun bizi dugun egoerari aurre egiteko. Pandemiaren ondorioak jasaten ari direnei laguntzeko lanean ari gara Udalean, bai lana galdu dutenei edota, ralentizazio ekonomikoak eraginda, lana topatzeko zailtasunak dituztenei”, azaldu zuen Ager Izagirrek, Mungiako alkateak.

Guztira, sei hilabeteko kontratazioak izango dira Mungiako Udalak egingo dituenak, lanaldi oso zein partzialean, gutxiengoa jardunaldi erdia izanik. Eskeinitako lan postuei dagokienez, formakuntza desberdina daukaten pertsonak eskatuko ditu antolakuntzak; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua, goi-mailako administrari moduloa, zuzendaritza lizentziatua edo deliniazio arloko goi-mailako zikloa besteak beste. Lan postuei dagokienez, mota desberdinetako enpleguak eskaintzen dira; covid-19a dela-eta, osasun-krisiak eragindako administrazio-lanei laguntza ematea, planifikazio arloko egitekoak garatzeko euskarri juridikoa, espazio publikoak balioztatzeko proiektua, Udal instalazioen erabilpena eta mantentze- lanak gauzatzeko laguntza-lanak, horniketa-sareen digitalizazioa, eskualdeko eragile ekonomikoen datu-basea eguneratzea eta abar luze bat.

Eskeinitako lan postuen %30a Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren jasotzaileak izan beharko dira eta, bestalde, %40a emakumezkoak izango dira eta %15a 55 urtetik gorako jendea. Gainontzeko kontratazioei dagokienez, 35 urtetik beherako pertsonek, 45 urtetik gora dituzten eta 180 egunetik gora langabezia egoeran izan direnek lehentasuna izango dute eta, noski, gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan bizi diren pertsonek.

Eskualdeko enplegua sustatzeko proiektu esanguratsu honetan parte hartu nahi dutenek, Mungialdeko Behargintzaren bulegoan edo Lanbideren egoitzatan egin ahalko dute izen-ematea modu presentzialean. Horrenbestez, oso aukera ona izan daiteke hau Mungialdean bizi diren eta lana topatzeko zailtasuna daukaten pertsonentzako, izan ere, aurretik aipatu bezala, plan berri honen helburua egun izarteak bizi duen izurritearen ondorioz euren lana galdu duten pertsonak eta lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen aukerak areagotzea da, herriko egoera orokorra hobetuta.