Atzo, azaroak 25, nazioartean ospatu zen emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurkako eguna dela eta, Zamudioko Udalak bortizkeria matxistaren aurkako gidak banatu ditu herriko etxebizitzatako postontzian. Emakumeen askatasuna aldarrikatzea eta indarkeria ezabatzea helburu daukan ekimen hau Berdintasun Kontseiluarekin batera antolatu du Udalak, hau da, Lagunandre eta Zapata Gorriak elkarteko kideekin batera. Proiektu honen xedea bi arlotan eragitea da; batetik, edozein motatako indarkeria pairatzen duten emakumeei informazio praktikoa helaraztea eta, bestetik, gizarte mailako arazo eta gaitz larria den kontu baten inguruko kontzientziazioa zabaldu eta honen aurkako heziketa zabaltzea.

Udalak Zamudioko etxebizitzatako postontzietan sartu dituen giden edukiari dagokionez, hainbat dira interesatuek bertan aurki ditzaketen informazio eta datuak. Hasteko, eta eduki guztien artean azpimarratu behar dena, genero indarkeria salatzeko dauden bide nagusien kontaktua agertzen da bertan, aukera hau emakume guztien eskura jartzeko. Gainera, feminismoaren inguruko oinarrizkoak diren kontzeptuen definizioak daude bertan eta, bestalde, indarkeria mota desberdinak identifikatu ahal izateko gakoak ere aurki ditzakete irakurleek: "Edozein emakume izan daiteke biktima, bere jatorri, adin, formakuntza eta erosahalmena alde batera utzita. Gizartean dagoen funtsezko arazo bat da indarkeria matxista, gizon batzuek sinesten duten emakumeekiko daukatenean oinarritutako gaitza".

Gidaren barnean topa daitezken edukiekin jarraituta, genero bortizkeriaren inguruan dauden aldez aurretiko gezurrezko ideien laburpen bat. Haien artean azpimarra-tzeko modukoak dira indarkeria matxista buruko gaixotasun baten edota droga edo alkohol kontsumoaren ondorioa balitz bezala justifikatzea, salaketa faltsuen inguruko komentarioak, "hain gaizki badago, zergatik dago berarekin?" bezalako esaldiak eta abar.

Gida honetan aurki daitezkeen baliabide ugariak emateaz gain, Zamudioko Udalak eta Berdintasun Kontseiluak mezu argi bat bidali dute emakumezkoen eskubideen alde: "Emakumeok bortizkeriarik gabe bizitzeko eskubidea daukagu, gure bizitza eta gorputzarekin zer egin erabalitzeko eskubidea eta nahi ez duunean edo ziur ez gaudenean ezetz esateko eskubidea".

Azaroak 25eko gida

Kontaktuak. Zamudioztar guztiek euren etxeetan jasotako gidan indarkeria kasuak salatzeko aukera ematen duten kontaktu nagusiak aurki ditzakete erabiltzaileek: gizarte zerbitzuenak, larrialdi zerbitzuarena, Biktimen Laguntza Zerbitzukoa, laguntza psikologikoarena...

Indarkeria mota. Bortizkeria matxistak izan ditzakeen forma desberdinak identifikatzeko informazioa agertzen da, mota desberdinak azalduta; fisikoa, bikote edo bikote ohiaren gaineko kontrola, emakumea bere lagun edo familiarengandik aldentzen saiatzea, intimidazioa, irainak, umilazopa, indarkeria psikologikoa, sexu askatasunaren aurkako delituak...

Mito faltsuak. Hainbat dira indarkeria matxistaren inguruan dauden eta egia ez diren ideiak, horregatik, hauek argitzeko tresna izan daiteke gida hau.