- Beste kirol diziplina askoren kasuan bezala, txirrindularitza profesionalak ere bere aktibitatea berreskuratu du covid-19ak eragindako berrogeialdia eta osasun-egoerak izandako bilakaera positiboa ikusita. Aste honetan zehar, nazioarteko egutegiko lehenengo frogetarikoa bizi izan dute txirrindulari eta txirrindularitza-zaleek Burgoseko Itzuliaren eskutik eta, domeka honetan, Bizkaiko froga esanguratsuenetako bat ospatuko da; Getxoko zirkuituaren 75. edizioa. Aurtengo ibilbidearen mapari erreparatuta, kostaldeaz gain barneko beste herri batzuetatik ere igaroko da froga, beste batzuen artean Sondikako kaleetatik. Honelako ekitaldietan ohikoa den bezala, oso eragin handia izango du honek Txorierriko herriko errepideetan, eguerdiko 12.30ak eta 16.00ak bitartean Txorierri hiribidean, Izartza kalean eta Pike bidean autoen zirkulazioa etenda. Gainera, azken zonalde honetako sarbidea ere moztuta egongo da, honen desbideratzea San Roke bidetik eginda. Auto eta bestelako ibilgailuen aparkatzeari dagokionez, debekatuta egongo da ibilbidean uztea.

Oso berri baikorra da Getxoko Zirkuituaren igarotzea txorrindularitza-zale sondikoztarrentzako, izan ere, aurtengo partaideen artean Mikel Landa, Fernando Gaviria eta Mads Pedersen bezalako txirrindulari garrantzitsuak izango dira. Egoera hau kontuan izanda, Sondikako Udalak eta frogaren antolakuntzak zuhurtziaz eta errespetuz jokatzea eskatu zien lasterketa ikustera gerturatzea pentsatuta daukatenei, 1.000 pertsonara mugatuta Sondikako ibilbide zatiko ikusle edukiera. Bertaratutakoen artean, beharrezkoa izango da maskararen erabileta eta segurtasun-distantzia mantentzea, kutsaketa arriskuak murriztu edo ekiditeko. Beste alde batetik, Txorierriko herriko gobernuak herritarrei gogorarazi die ETB 1 telebista kanalaren bitartez froga zuzenean jarraitzeko aukera izano dela goizeko 11.30etatik hasita eta hau bukatu arte.