- Koronabirusak eragindako pandemiak Bizkaiako herrietako egutegiak oso modu bortitzean astindu ditu; esate baterako, bertoko herri gehienetako udalekuak bertan behera uztera behartuta Udalak, jende pilaketak ekiditeko asmoarekin. Hala ere, badaude, nahiz eta ohiko moduan bezala ospatzea ezinezkoa izango den, aukera alternatiboak mahai gainean jarriko dituzten Sondika bezalako herriak. Urtero urtero, ehundaka gaztetxo elkartu ohi dira Udalak antolatzen dituen UDA deitutako udarako egonaldietan eta, nahiz eta osasun egoera oso delikatua den, aurten ere antzeko proiektu bat martxan jartzea da bere intentzioa sei eta hamabi urte bitarteko gaztetxoentzako, izan ere, datorren astetik aurrera Bizkaia eta Euskal Autonomia Erkidego osoan martxan jarriko den deskonfinamenduko hirugarren faseak gaztetxoak elkartzea ahalbidetuko du. "Osasun-agintaritzen argibideen eta berrogeialdiaren urritzearen mende gaude, baina jakin badakigu familia askok honelako aukerak beharko dituztela. Hau posible izan ahal izateko, aisialdi sektoreko enpresek hainbat aste daramatzate lanean", adierazi zuen Xabier Zubiaurrek, Sondikako alkateak. UDA 2.0 izenpean jaioko da proiektu berri hau eta datorren asteko eguazten eta domeka bitartean, hau da, ekainaren 10etik 14ra, egin ahalko da aurreneko izen-ematea. Behin pertsona interesatuak ezagututa, Udala eurekin kontaktuan jarriko da elkarrekin aspektu desberdinak azaltzeko: "Gai ugari heldu nahi ditugu herriko familiekin, euren iri-tziak ezagututa, erantzunkidetasun ariketa batean eta denok batera aukera posibleena planteatzeko. Ahalegin guzti honek merezi izango du, gure aukeren barnean, lan-bizitza eta familia bizitzaren arteko uztartzea lortu izanez gero". Behin dena zehaztuta, matrikula ekainaren 18 eta 21 bitartean egingo litzateke.

Egonaldiari dagokionez, lau asteko iraupena izango luke -astelehenetik ostiralera 9;00etatik 14:00etara- ekainaren 29an hasita eta hainbat izango dira hau aurrera eraman ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak; gehienez hamar pertsonako taldeak (monitorea barne) egongo dira, Sondikako txoko desberdinetarako haurren bilketa zerbitzua, tenperatura hartzeak, garbitasun eta higiene zorrotza eta abar luze bat. Gainera, erabiltzaileek derrigorrezko segurtasun kit bat eraman beharko dute euren maskara, gela edota tailerretarako materiala bezalakoak eramateko.

UDA 2.0-ko jarduerak espazio desberdinetan garatzeko aukera egongo da Udalaren arabera; lehenengo eta bigarren Kultur Etxeak edota Sondikako Kultur Etxea ere. Instalazio hauetan ere erabiltzaileen segurtasun eta osasuna bermatzeko neurriak hartuko dira distantzia mantentzeko hesiak kokatuta puntu zehatzetan, ibiltzeko orduan noranzkoak adierazten dituzten irudiak jarrita eta, honetaz gain, denbora-tarte zehatz batzuen buruan garbiketa lan sakonak egingo dira. Gainera, espazio irekietaz eregoza-tzeko aukera izango dute gaztetxo soondikoztarrek, izan ere, San Juaneko landa eta Gorondagane Eskolako jolastokia ere udalekuentzako erabilgarri egongo dira. Horrenbestez, esan daiteke Sondikan bizi diren sei eta hamabi urte bitarteko haurrek aukera bikaina izan dezaketela aurtengo udan ere udaleku esperientzia bat bizitzeko, nahiz eta ohiko moduan garatzea ezinezkoa izango den eta, beti ere, beharrezko segurtasun neurriak hartuta.

Aurrematrikula. Lhenengo izen emate epea datorren eguazten eta domeka bitartean jorratuko da, ekainaren 10a eta 14a bitartean, eta, ondoren, Udala familia interesatuekin bilduko da.

Matrikula. Behin familia interesatuekin elkartuta eta nondiko norakoak zehaztuta, behin betiko izen-ematea ekainaren 18a eta 21a bitartean egingo da.

Egutegia. UDA 2.0 proiektua ekainaren 29tik aurrera jorratuko da, lau asteko luzapena izanda.

Ordutegia. Sei eta hamabi urte bitarteko sondikoztarrak astelehentik ostiralera egongo dira udalekuetan, goizeko 9:00etatik eguerdiko 14:00etara.

Kokapena. Lehenengo eta bigarren Kultur Etxeak, Sondikako Kultur Etxea, San Joaneko landa eta Gorondagane eskolako jolastokian arituko dira umeak.