- Mungiako biztanleriak eskualdeko baserritarrek ekoiztutako kalitatezko produktuak eskuratzeko aukera izango dute bariku honetan berriro, izan ere, Udalak Andra Mari Gunean astero ospatzen den Baserritarren Plaza etenaldi luze baten ostean berrirekiko du. Larrialdi egoera dela eta, martxoaren erdialditik itxita egon da azoka eta, etzi, bere ateak irekiko ditu osasun eta segurtasun neurri zorrotzak hartuta antolakuntzaren eskutik. Udalak zenbait muga ezarriko ditu jendearen osasuna bermatzeko; familia bakoitzeko kide bakarra sartu ahalko da eta atentzioa banakakoa izango da, jendearen artean segurtasun distantzia mantenduta beti eta, gainera, maskara higienizanteak, eskularruak eta gela banatuko dira bertan. Guztira, 20 pertsona bakarrik egon ahal izango dira Andra Mari Gune barnean eta, bertan, ekoizleek bakarrik maneiatu ahal izango dituzte produktuak, izan ere, erosleek guztiz debekatuta izango dute hauek ikutzea. "Segurtasun osoz erosi ahal izatea arautzen duten neurri guztiak adostu ostean, barikuro daukagun hitzordua eta ekintza aurrera eramatea lortu dugu, gure baserritarrei euren produktuak saltzeko aukera eskaintzen jarraituta", adierazi zuen Ager Izagirrek, Mungiako alkateak. Horrenbestez, etzi Andra Mari Gunera hurbiltzea erabakiko duten mungiarrek eskualdeko ekoizleen produktuak, bertokoak, kalitatezkoak tea zero kilmetrokoak eskuratzeko aukera bikain eta osasuntsua ozango dute goizeko 8:00ak eta 13:00ak bitartean. Beti ere segurtasun neurriak bermatuta: "Beharrezkoa den guztia jarriko da Udalaren eskutik".