Derio - Bizkaiako herri gehienetan bezala, Derion ere asteburu honetan helduko dira inauteriak. Gaurko arratsaldetik aurrera eta biharko gauera arte, herriko koadrila, familia eta bestelako giza-taldeek euren irudimen, sormen eta eskulan habilitatez osatutako jantzi xelebreak harrotasunez erakutsiko dituzte kaleetan zehar ospatuko diren ekintza desberdinetan. Arratsaldeko 16:00etan, Sollube kalean antolakuntzak prestatuko duen karpan -bertan egingo dira jarduera gehienak-, hasiko da programazioa, haurrentzako izango diren aratusteekin lotutako tailer batzuen eskutik. Jarraian, hezurdura mugitzeko ordua helduko da, izan ere, 17:30etatik aurrera disko-festa izango da eszenatoki berean. Dantzaldi ostean indarrak berreskuratzeko eta gaurko arratsaldeko ekintzei amaiera borobila emateko txokolatada bat izango da.

Biharko jardunaldira begira, arratsaldeko 18:00etan hasiko da programazioa koadrilen mozorro jeitsierarekin. Biztanleria herriko elizatik jeitsiko da eta, euria eginez gero, kiroldegi aurrean bilduko da jendea La Cuadrilla de la Tía animazio taldeak gidatuta. Mozorro lehiaketan banaka zein taldeka parte hartu nahi dutenek 17:30etatik aurrera egin beharko dute izen ematea San Isidro elizako arkupean eta sari-banaketa Sollube kaleko karpan egingo da 19:45etatik aurrera. Oso opari erakargarriak izano dira; hoverboard-a, smartwach-a, jokoak, bonuak Derioko ostalaritzan eta dendetan gastatzeko, Gurea Aretorako sarrerak, eta diruzko sariak (500€, 250€ eta 100€) 15 pertsona baino gehiagoko taldeentzat. Gainera, Unai Goikolea DJ-a izango da arratsaldea bere musikarekin alaitzen. - O. Pérez