GETXO. Amaitu egin da Getxok 2019an patinete elektrikoen alokairu partekatua eskaintzeko abiarazitako esperientzia. Ekintza irailetik abendura iraun du, eta Euskooters enpresa izan da ahalbidetu duena. Getxo Estatuko lehenengoetako herri bat izan da zerbitzu hori ematen.

Lehen esperientzia horren bidez, Udalak informazio eta datu gehiago eman ditu alokairuko ibilgailu mota horien hiri-mikromugikortasunari buruzko hausnarketarako; nabarmentzekoa da herritarren erantzun zibiko orokorra, ibilbideak eta adierazitako lekuetan aparkatzea errespetatuz, eta proba zero istripurekin amaitu dela. Enpresa, bestalde, oso pozik dago Getxoko proba pilotuan lortutako emaitzekin, bere proiektua garatzeari begira.

Euskootersek adierazi duenez, "App-aren nabigazio-sistemari esker, erabiltzaileak puntu zehatz batera nola iritsi eta patinetean nondik zirkulatu jakin dezan, zerbitzuaren erabilera arduratsua lortu da, baita Getxoko erabiltzaileen, egoiliarren eta bisitarien gizalege orokorrari esker ere".

Bestalde, proba pilotu honetan patinete elektrikoak bidegorrietatik eta gehienez 30 km/h-ko abiadura-muga duten guneetatik ibil zitezkeen, inoiz ez espaloietan. Udal Gobernuak uste du probak "erakutsi duela patinete elektrikoen alokairu partekatuko sistema batek ez duela zertan kaos bat izan behar eta kalteak besterik ez eragin; aitzitik, sistema hori eredu ordenatu, kontrolatu baten bidez ematen bada, eguneroko mantentze-lanak eginez eta e-scooterrak behar bezala ibiltzeko eta aparkatzeko azpiegitura nahikoa izanez gero, balio bat baino ezin da izan. Getxo izan da MPIrako aparkaleku espezifikoak gaitu dituen lehen Udala, eta, hiri eta udalerri batzuetan gertatzen den ez bezala, patinetez inbaditurik direnak, zerbitzu hori ordenatua eta kontrolatua izan da".

Ildo horretan, Euskootersek iraunkortasunaren eta hiri-mikromugikortasunaren hobekuntzaren alde egiten duen apustuari balioa ematen dio. “Hondatzen diren patinete guztiak konpontzen dira, bateriak berrerabiltzen dira … gure helburua zero hondakina sortzea da, eta autoa gutxiago erabiltzea, istripuen eta zirkulazio-gatazken lehen kausa baita".

Udal Gobernuak probako lau hilabete hauetan jasotako datuak aztertuko ditu, Getxo 2030 Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren (HMIP) esparruan. Plan horren helburua da, bertan jasotzen denaren arabera, “herritarrek mugitzeko eta tokietara heltzeko beharren arteko oreka bermatu nahi dute, oro har, jasangarritasuna kontuan hartzen duen testuinguru batean, ingurugiroaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, eta Europar Batasunaren eta garraio-sistemari eragiten dioten erakundeen xedapenak esparru gisa hartuta. Patinete elektrikoak errealitate bat dira dagoeneko gure hirietako mugikortasunean, eta, mugikortasun pertsonal iraunkorreko sistema gisa, guri dagokiguna, gure eskumenen arabera eta Trafikoari buruzko Estatuko araudiaren barruan, gure kaleetan duten erabilera arautzea da; bereziki, oinezkoentzako arriskua saihestuz, patinete horiek joan-etorrietarako sistema gisa erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna bermatuz, aparkatzeko lekuak arautuz eta patinete enpresen ezarpena kontrolatuz alokairu partekatuan".