Bilbo. Sopelako udalak erabaki du TAO zerbitzua ez ipintzea Asu, Bareño eta Loiolan. Zabaldutako prozesuan 105 bozka jaso dira. TAO zerbitzua ezartzearen aldekoak 45, eta beste 60 kontra.

Auzokideen iritzia ezagutu eta beraien babesa izateko xedez, Udalak prozesu parte hartzaile bat abiarazi zuen gune hauetan bizi diren mila auzotar ingururi zuzenduta. Pasa den azaroaren 23an, Udalak azaltze eta parte hartze jardunaldi bat antolatu zuen, hiru informazio puntu kokatuz gune desberdinetan. Gobernu taldeko kideek, dozenaka herritar jaso eta prozesuaren inguruko azalpenak eman zituzten. Halaber, fisikoko bertaratu ezin izan zutenetzat, eta abenduaren 15era arte, udal webgunean atal bat zabaldu zen auzokideek TAO zerbitzua ezartzearekin ados zeuden ala ez adierazi zezaten. Telematikoki parte hartzeko arazoak zituztenei, udaletxera hurbiltzeko aukera ere eskaini zitzaien, Herritarren Arretarako Bulegoaren bitartez, bozketa prozesuan parte hartzen laguntzeko. Era berean, Udalak bandoak ezartzeaz gain, gutun bat ere buzoneatu zuen parte hartze bide eta baldintza guztien berri emanez.

Hala, guztira, parte hartze bide guztien bitartez 105 bozka jaso dira. TAO zerbitzua ezartzearen aldeko bozkak 45 izan dira, eta beste 60 kontra. Emaitza hauek kontuan izanda, eta herritarren parte hartzea uste baino baxuagoa izan dela ikusita, Udalak ez du jasoko 2020an zehar lizitatu eta martxan jarri behar duen behar duen TAO zerbitzuaren plegu berrietan ordainpeko zerbitzu bat ezartzea aipatutako hiru gune hauetan. Beraz, egoera dagoen moduan mantenduko da.

Esan bezala, datozen hilabeteetan, Sopelako Udalak datorren urtean martxan jarri beharko den TAO zerbitzuaren lizitazio prozesu berria prestatzeko lanari ekingo dio. Zerbitzuaz arduratu nahi duten enpresek aurkeztu beharko dituzten eskaintzen betekizun eta baldintza guztien plegu berriak prestatu behar ditu. Plegu honetan jasoko diren nobedadeen artean, aurreratu beharra dago, enpresako ibilgailu bat duten TAO guneko Sopelako bizilagunentzako, Udalak ibilgailu horren matrikula sisteman sartzea aurreikusten duela.

Egun, Sopelak 1.297 aparkaleku ditu eta ordainketa bidezko aparkaleku sistema udan baino ez dabil, ekainaren 1etik irailaren 30era, Barinatxe eta Arrietara-Atxabiribil hondartzen ingurunean.