NAHIZ eta udaldia neurri batean bukatu den, badaude oraindik ospatzen jarraitzeko gogoa daukaten herri eta herritarrak. Sondikaren kasua da, izan ere, hilabeteko bigarren asteburuan, Santa Kurtze jaiak herriko jaun eta jabe izaten ari dira barikuan hasi zirenetik. Lehenengo jardunaldia nahiko lasaia izan zen. Arratsaldean Twin Melody-ren eskutik erakustaldi musikala izan zen eta, behin gaua helduta, emakumezkoen musika jaialdia izan zen, Ene Bada, Machete En Boca eta Ezten Giro taldeen erritmoaren eskutik. Atzokoa, ordea, jende gehien bildu zuen eguna izan zen, izan ere, eguneko programazioa ekintza erakargarriz josita zegoen, haien artean Santa Kurtze jaietako Marmitako Txapelketaren zortzigarren edizioa. Bertan, 52 talde sutondoan ibili ziren amantala jantzita kazola onena aurkezteko leían. Nahiz eta irailaren 2a eta 6a bitartean Udal Liburutegian izena emateko aukera izan, antolakuntzak momentuan bertan inskribatzeko aukera eman zuen. Gainera, Udalak stand-ak eta tapakiak alokatzeko aukera ahalbidetu zuen 30 euroko fidantzapean.

Jardunaldiari hasiera emateko, Ipar Elaiak Txistulari Taldeak kalejira bat eskeini zuen goizeko 11:00tatik aurrera eta, ordu berean, goiz osoan zehar zabalik egon zen haurrentzako parkea ireki zen. Pertsona fededunak Santa Kurtzeko ermitara joan ziren 12:00etako meza ospatzera eta, bertan, Gorantzaileak Dantza Taldeak egindako aurreskua ikustera. Ondoren, Triki Xabier taldeak ere kalejira bat osatu zuen marmitako lehiaketaren inguruak euskal musikaren bitartez alaituz. Behin bazkalordua helduta, sukaldaritza lanetan ibilitako taldeak antolakuntzaren karpara hurbildu ziren euren marmitako kazolak aurkezteko eta, behin epaimahaiak hauek dastatuta, mahaiean eseri eta jaten hasteko.

Mahaiganekoa interesgarri egiteko, futbolzaleentzako erakustaldia ere egon zen. Basozabal futbol zelaiak, marmitako lehiaketa ospatutako landa aloban kokatuta dagoenak, Club Deportivo Sondika eta Club Deportivo Paduraren arteko norgehiagoka jaso zuen Santa Kurtze saria zela eta. Lurraldeko maila goreneko bi talderen arteko neurketa bikaina sondikoztarrek marmitako eta hamaiketakoa jaitsi ahal izateko aukera bikaina, gainera, Sondikako futbol zelaiaren belar naturalaren egoera bikaina eta bi taldeen joko politarengatiko apustua kontuan izanda. Ondoren, gaua hurbiltzen zihoan heinean, Txuma Olague Abesbatzak eta Coral Olague abesbatzak kantaldi bikaina eskeini zuten Santa Kurtze jaiak girotzeko eta, behin eguzkia guztiz estalita, Zelada musika taldeko kideak oholtza sondikoztarrera igo ziren. Gauari jarraipena ematearen eta atzoko jardunaldiari amaiera ematearen arduraduna Oihan Vega Dja izan zen, momentuko abesti arrakastatsuenekin jendearen gorputzak mugiarazita. Beraz, esan daiteke atzokoa oso jardunaldi polita izan zela Sondikako landetan.

jaiei agurra Gaurkoa aurtengo jaietako azken jardunaldia izango da. Berriro ere, Ipar Elaiak Txistulari Taldearen kalejirak inauguratuko du eguneko programazioa 11:00tan eta, ordu berean, 5eta 13 urte bitarteko haurren arteko margolaritza txapleketaren 16. edizioa ospatuko da, eguerdiko 13:15 arte. Gainera, atzo bezala, goiz osoan zehar haurrentzako parkea zabalik izango da. Arratsaldez, eta modu ofizialean aurtengo Santa Kurtze jaiei agurra emateko, 18:00tan dantza agerraldia izango da Gorantzaileak Dantza Taldeak antolatuta.

Barikuan hasi zen programazioak izan dituen mota askotako ekintzak kontuan izanda, oso posiblea da sondikoztarrek eta Sondikara gerturatutako jendeak oso asteburu ona pasatu izana. Musika, dantzak, jolasak eta, batez ere, atzo ospatutako Marmitako Txapleketaren zortzigarren edizioak oso giro egokia eskeini izan dute famlia zein kuadrilarekin inguratuta oso une apartak bizitzeko asteburuan.