mungia - Mungiako Udalak hamaika pertsona kontratatuko ditu lan desberdinak egiteko, Mungialdeko Behargintzak, hots, Eskualdeko Enplegu eta Tokiko Garapenerako Zentroak, 2019 urterako lanpostu sortze proiektua dela eta. Aipatutako bi entitateetaz gain, Mungialdeko Gizarte Zerbitzuek, Lanbide Mungiak eta Mungiako Lanbide Heziketak dira sustatzaile. Honen arabera, langileak urri eta abendu bitartean hasiko lirateke lanean eta sei hilabeteko kontratua izango lukete.

“Kontratazio hauen helburua lan-merkatuan txertatzeko zailtasun bereziak dituzten eta Lanbiden, Euskal Enplegu Zerbitzuan, izena eman duten pertsonen merkaturatzea erreztea da”, adierazi zuten Udaletik. Orotara, 173.525,55 euroko inbertsioa suposatuko du eta kantitate horren %40a Mungiako Udalaren kontu izango da.

Kontuak kontu, proiektuko entitate partehartzaileek azaldu zutenez, besteak beste Mungian erroldatutako eta langabezia egoeran dauden biztanle talde mota hauei dago zuzenduta Eskualdeko Enplegu Plana; luzaroan langabezia egoeran egondakoak, emakumeak, gazteak, 55 urtetik gorako pertsonak, Diru Sarreren Berme Errentaren - Renta de Garantía de Ingresos, gazteleraz - jasotzaile direnak eta, orokorrean, gizarte-bazterketa egoeran geratzeko arriskuan daudenak. “Denon artean lan egiten jarraitzen dugu, enplegagarritasuna hobetzearen eta langabezian daudenen merkaturatzearen aldeko apustua egiten eta, batez ere, beharrizanik handiena duten kolektibo eta pertsonei laguntzen”, aitortu zuen Ager Izagirrek, 2015etik Mungiako alkate denak.

Proiektuak eskeinitako hamaika lanpostuei dagokienez, zortzi ildo nagusitakoak izango dira. Hasteko, bide-teknikari titulazioa edo bere baliokidedunak bilatzen daude udalerriko bideei buruzko proiektu eta sustapenerako. Bestalde, zuzenbidean lizentziatuen premia ere badago, izan ere, diru-lagun-tzen prozedura egokitzeko euskarri juridikoen proiektua egiteko eta Sektore Publikoko kontratuen lege berriaren egokitzapen proiektua egiteko bi plaza izango dira eskuragarri. Gainera, pinturari eta hiri-altzarien mantenimendurako ere, beste bi postu daude libre.

Kriminologia ikasketak egindakoentzako ere tokia dago enplegu sustatze proiektuan, izan ere, udalerriko delitugintzaren eta istripu datuen tratamendu eta zehaztapenerako norbait beharrezkoa da. Administratibo arloko Lanbide Heziketa edo Goi Mailako Ziklodunentzako hiru plaza izango dira; bata Eraikinen Ikuskaritza Teknikoen espedienteen sustapenerako, bigarrena espediente hauen artxibatze prozesurako eta, azkenik, eskualdeko eragile ekonomikoen datu-basea eguneratzeko proiektuetarako. - O. Pérez