loiu - Loiuko Udalak aurtengo ikasturtean zehar biztanleriarentzako eskeiniko dituen tailer eta ikastaro desberdinetarako izen-emate epea zabalduko du irailaren 16an, astelehena, eta aste bereko barikura arte, hau da, irailaren 20ra arte, egongo da zabalik. Behin epa bukatu eta eskaerak jasota, plaza eskuragarri baino eskaintza gehiago dituztenetarako zozketa egingo du irailaren 25ean, Loiun erroldatutakoek lehentasuna izanda eta, hurrengo egunean, zerrenda ofizialak argitaratuko ditu. 2019-2020 ikasturtera begira, 15 ikastaro mota desberdin jorratuko dira herriko espazio desberdinetan -Larrondo auzoko auzo-etxean eta frontoian, Zabaloetxeko Kultur-Etxean, Udal Liburutegian, gimnasioan, padel eta tenis pistetan eta, azkenik, Lauroeta auzoko txokoan- .

Kirol zein kultura arloko ekintzek osatzen dute urriaren 1a, martitzena, eta ekainaren artean jorratuko den eskain-tza osoa eta, gainera, adin nagusikoentzako zein 16 urtetik beherako loiuztarrentzako zuzenduak izango dira. Nagusiek izango dute tailer gehiagoren artean hautaketa egiteko aukera; ehungintza, margolaritza, sukaldaritza, argazkigintza digitala, fitcombat, aerogap, zumba, pilates, tai-chi eta padel eskolak izango dituzte. Bestalde, 16 urtetik beherako loiuztarrek ere kultura zein kirol jarduera desberdin ugari egiteko aukera izango dute; batik bat, margolaritza ingelesez, dantza modernoa, euskara laguntza, tenisa, taekwoandoa eta, nagusien antzera, padela.

berrikuntzak Eskaintza zabal honi erreparatuta, Loiuko Udalak lehenengo aldiz hiruhilabeteka ordaintzeko aukera emango du, modu honetan abenduan zein udaberrian baja emateko aukera baliatuz. 25 eta 35 euro tarteko salneurriak ordaindu beharko dituzte Loiun erroldatutako helduek eta, gainon-tzeko nagusiek, 50 eta 70 tartekoak. 16 urtetik beherako erroldatuek, ordea, 20 eta 30 euro tartean ordainduko dituzte eta ez erroldatuek 40 eta 60 tartean. Helduen kasuan, Loiugazte txartela daukatenek %25eko deskontua izango dute eta, gainera, Udalak kirolari federatuentzako eta Txorierriko beste kiroldegietako bazkideentzako diru-laguntzak egingo ditu.