URTEROLEZ, Mungiako jaietako lehenengo domekan oso egun berezia bizi izan zuten herriko zein bertara hurbildutako pertsonek. San Pedrotxuk beti dakar bere eskutik Baserritar Eguna eta, harekin bat, zonaldeko nekazari eta abeltzainek euren etxe, ortu eta ukuiluetan landutako produktuak eskeini zituzten bertaratutako jendeari.

Mungiako zonalde desberdinetan garatu zen atzoko jardunaldi berezia. Batetik, Andra Mari kalean, Jon XXIII plazan eta Gamiz bidean, nekazaritza produktuen erakusketa eta salmenta jorrtu zuten bertan jarritako postutxoek. Orokorrean baserritarrek eskeinitako barazki desberdinak izan ziren produktu salduenak, baina, bestalde, ardo desberdinak eta gildatxoak bezalakoek ere arrakasta handia izan zuten goiz osoan zehar. Gainera, Mungiako Mikologia Elkarteak onddo erakusketa eta dastaketa antolatu zituen. Sabela bete nahi zutenek bi euroko salneurrian lau pintxo desberdin jan zitzazketen, mikologia produktuak era askotan sukaldatuak. Irakurleentzako lekua ere egon zen Jon XXIII plazan, izan ere, bigarren eskuko liburu azoka ere bertan zegoen kokatuta, Gizaberri Elkartasun Taldeak antlatuta.

Andra Mari Guneak ere, betikolez, bere protagonismo puxka izan zuen. Bertako horma eta sabailaren artean, Mungart Elkarteak hainbat motatako produktuek betetako artisautza azoka antolatu zuen goiz osoan zehar, muniarrek zein inguruko bitzanleek eskuz eginiko gai bereziak erosi zein ikusi ahal izateko. Torrebillela parkean, bestalde, animaliak gustoko dituzten jendearentzako Betizu ganadu espezieko Bizkaiako txapelketa antolatu zen. Hala ere, beste hainbat motatako abereak egon ziren umeek, gehienbat, gozatu zuten erakustaldian; txakurrak, ardiak, txahalak, eta abarren artean batez ere.

Kirolak ere bere ordezkaritza izan zuen atzo ospatutako Baserritar Egunean. Olalde kalean, txosnagune alboak dagoenak euskal kiroletan oinarritutako lehiaketak jaso zituen. Batik bat, emakumezkoen kategoriako harri-jasotze eta enbor mozte txapelketak ospatu ziren. Lehenak hiru minututan zehar zenbat altzada egin zitzazketen neurtu zuen eta, bigarrenak ordea, bost enbor ahalik eta bizkorren moztea zeukan erronka, lehiakideak bain arinago bukatu ahal izateko.

MUSIKAREN PRESENTZIA Jai giro batean ezinbesteko den musikaltasunak ere bere lekukotza izan zuen San Pedrotxun. Goiz osoan zehar Roberto eta Idoia trikitrilariak Gure Ametsa Txistulari Taldearekin elkartuta herriko gune desberdinetan aritu ziren. Eguerdiko 13.00ak aldera, Txikuri fanfarriaren txanda ailegatu zen, bazkaldu aurreko poteoa alaitzeko. Egunari amaiera borobila emateko, Matxin plazako eszenatokiak Mungiako talde askok - Alaiak Mungialdeko Soinulari Elkartea, Gure Ametsa, Tantak Korala, Danontzat Abesbatza eta J. M. Arregi Abesbatza - osatutako kontzertua jaso zuen 19:00etan.