BILBO. Mungiako udalak eraberritze-lanak egin ditu Ibaibide kalean auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko. Obren inbertsioa 352.000 eurokoa da eta lau hilabetetan bukatu dira.

Lan honen helbururik nagusiena inguruko auzokideen beharrizanei erantzuna emotea izan da, oinezkoen segurtasuna eta iragatea hobetuz. Ager Izagirre, Mungiako alkatea, pozik agertu da egindako lanakaz. "Uriguneek gero eta irisgarritasun handiagoa izan behar dute, beti ere pertsonen ongizatean hausnarketa eginez", azpimarratu du.

Berrurbanizazino proiektu honen arabera, Ibaibide kaleko espaloiak aldatu eta zabalagoak jarri dira. Zorua mistoa dan barri bategatik ordezkatu da, segurtasuna bermatuz.

Bidea estuagoa da, horrela, ez da auto-ilararik egongo. Horrezaz aparte, kalea bere osotasunean eraberritu da eta ez da aparkaleku kopururik murriztu. Jarritako aparkaleku barriak 'alderantzikatutako ziri' eran jarri dira; honek bere abantailak ditu, batez ere ibilgailuak galtzadara irteterako orduan. Lurpeko kanalizazino-lanak ere bideratu dira.

Irisgarritasuna hobetzeko beste lan batzuk

Ibaibide kaleaz aparte, 2019an irisgarritasuna hobetzeko beste lan batzuk egingo dira, mungiarron ongizatea eta erosotasuna ahalbidetzeko. Horietako bat izango da Mungiberri eremuaren egokitzapen-lana, Landetxo eta Intxausti Eresgille kaleen arteko gunea, hain zuzen bere.

Oinezkoen mugimendua oztopatzen daben hiri-altzariak aldatu edo kentzeaz ganera, espaloietan hainbat aldaketa-lan egin beharra ekarriko dau.

Era berean,oinezkoentzako pasaguneetako eta espaloietako irisgarritasunbaldintzak hobetu egingo dira eta zonaldea osatzen daben kaleen loturen alde egingo da. Obra honek 200.000€-ko aurrekontua dauka.