Irailaren 5era arte

Laudiok aurrekontu parte-hartzaileen proposamenak aurkezteko epea luzatuko du

02.08.2021 | 19:17
Laudio, airetik ikusita.

Laudioarrek denbora gehiago izango dute aurrekontu parte-hartzaileen proposamenak aurkezteko, Laudioko Udalak irailaren 5era arte luzatu egin baitu epea.

Bada, udal gobernua 2022ko kontuak idazten ari da, eta beste behin ere herritarren iritzia jaso nahi du. Oraingo honetan, herritarren esku utziko du erakundeak 200.000 eurori emango zaion erabilera erabakitzea. Irailaren 5ean amaituko den prozesu horretan, herrian erroldatutako eta 16 urtetik gorako pertsona guztiek hartu ahalko dute parte.

Prozesuaren lehen fase honetan, udaletxean bertan aurkeztu ahalko dituzte laudioarrek euren ideiak, edo Udalaren webgunearen bitartez, betiere, proposamenak egiteko oinarrietan xedatu diren baldintzak beteta. Bigarren fasean jasotako proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute udal arloek, ikuspuntu juridiko, tekniko eta ekonomikotik. Legezkoak eta bideragarriak diren proposamenak hirugarren fasera igaroko dira. Orduan, zein proiektu gorpuztea nahi duten bozkatu beharko dute herritarrek. Botoak udaletxean bertan edo Udalaren webgunearen bidez eman ahalko dira.

Azken fasean, herri-bozketaren emaitzak aztertu, eta proposamen bozkatuenak 2022ko aurrekontu proiektuan sartuko dira.

HERRITARREN PARTE-HARTZEAK MARKATUTAKO LEGEALDIA

2020tik 2021era, hau da, parte hartzeko aurrekontuak martxan egon diren urteetan, auzoen hainbat proposamen gauzatu ditu Udalak: Zuberoa kaleko eta inguruko aparkalekuak berrantolatzea, bizikletak garbitzeko gune bat atontzea, Laudioko Kultura Plan Estrategikoa idaztea nahiz Arrañon askaltzeko gune bat egokitzea. Bidegorria berrasfaltatzeko lehen fasea ere egin da, kiroldegiko kantxa berritzeaz gain, eta aurreikusia dago Lamuzako parkeko irisgarritasuna hobetzea eta Apaluetako haur parkean estalki bat paratzea. Gainera, urtea amaitu baino lehenago, skatepark-a berritu eta pumptrack pista berria egingo da.

noticias de deia