2022ko ekainean hasiko dira lanak

11 milioi euro inbertituko dira Laudioko osasun-zentro berrian

21.06.2021 | 18:41
Ander Añibarro eta Gotzone Sagardui, Laudioko osasun-zentro berria eraikiko den eremura egindako bisitan.

Ostegun honetan, ekainak 17, Laudioko osasun-zentro berria eraikiko den eremua bisitatu egin dute Osasuneko Sailburu Gotzone Sagarduik eta Laudioko alkate Ander Añibarrok. Osasun-zentro berriak hamaika milioi euroko kostua izango du, eta datorren urteko ekainean hasiko dira eraikitze-lanak.

Inbertsio horrekin, Osasuneko Sailburuak baliarazi nahi izan du bere sailak eta Osakidetzak lehen mailako arreta indartzearen alde egindako apustuari. Bestalde, Alkateak biziki eskertu eta balioetsi du osasun-zentro berria —egungoa baino handiagoa— eraikitzeko erabakia, biztanle kopuruari dagokionez Arabako bigarren handiena den udalerri horretan.

Zentroak Zumalakarregi kalean dagoen Laudioko oraingo anbulatorioa ordezkatuko du, gaur egun txikiegia baita herritarren beharrei erantzuteko. Zentro berriak —funtzionalagoa eta laguntza-beharretara egokitua— aukera emango du zerbitzuen zorroa zabaltzeko. Laudiok dituen 20.000 biztanleri baino gehiagori lehen mailako arreta-zerbitzua eskaintzeaz gainera, kanpoko kontsultak eta zerbitzu hauek hartuko ditu: Etxeko Ospitalizazioa, Erradiologia eta Osasun Mentala. Zerbitzu horiek Aiarako biztanleentzat —42.000 baino gehiago— egongo dira eskuragarri.

Zehazki, 6.000 metro karratuko azalera izango du osasun-zentro berriak, eta Goikogane eta San Martin kaleen arteko izkinako partzela batean egongo da.

Arabako Lurraldean kokatuta, Laudioko anbulatorioa, aurki Laudioko osasun-zentroa deituko dena, Barrualde-Galdakao ESIari dagokio, eta Laudioko Lehen Mailako Arretako Unitatearen buru da. Unitate horrek Okondoko eta Orozkoko kontsultategiak ere hartzen ditu.

noticias de deia