LAUDIO. 2021aren hasierarekin batera, martxan jarri du Laudioko Udalak 2021-2024 urteetarako II. Gazte Plan berria onartzeko prozesua. Plan horren helburua herriko gazteen eskaerak eta beharrizanak jakitea da, gero kolektibo horrentzako beharrezko konponbideak eskaini ahal izateko.

Juan Jesus Merchan alkateorde eta Gazteria zinegotziak azaldu duenez, "Laudioko Gazte Plan berriak talde horrekin zerikusia duten kolektiboen artean adostasun maila handia lortzea zuen erronka, eta horretarako, Udalak 2019ko abenduan martxan jarri zituen herritarrek parte hartzeko mekanismoak".

Bigarren Udal Gazte Plana udalerriko gazteen egoeran eta etorkizuneko ikuspegietan modu positiboan eragitera bideratutako proposamen guztiekin diseinatuta dago; izan ere, "Gazteen errealitateari ikuspegi globaletik heltzeko beharrari erantzuten dio, hau da, errealitate hori osatzen duten dimentsio desberdinetatik lan-, hezkuntza- eta prestakuntza-dimentsiotzat, etxebizitza-, osasun- eta gizarte-ekintza-, aisia- eta kultura-dimentsiotzat hartuta", adierazi du Merchanek.

EGOERAREN AZTERKETA ZEHATZA

Udal Gazte Plan baten programazioa egin aurretik, zuzenean edo zeharka gazteei zuzendutako baliabideen egokitasuna baloratu behar izan zen. Horretarako, Udala gazteei zuzendutako ekintzak garatzeko bideratzen ari den baliabide materialak eta giza baliabideak identifikatu ziren. "Lan horri esker, gazteei zuzendutako ekipamenduen, ekintzen edo programen errealitatea zehatz-mehatz ezagutu ahal izan dugu, eta, horri esker, haien gabeziak eta beharrak aztertu ahal izan ditugu", adierazi du zinegotziak. Gainera, "Udalerriko gazteen diagnostiko sozial bat egin zen, haien ohituren, mugikortasunaren, kezken, iritzien, balioen, gabezien eta abarren benetako ikuspegia eskainiz", gaineratu du.

Gazte Plana egin eta abian jarrita, helburu hauek lortu nahi dira: gazteei zuzendutako jarduera, programa eta zerbitzu berriak koordinatzea eta antolatzea, udal-zerbitzuek zeharka gara ditzaten. Era berean, helburu horietara bideratutako ahaleginak eta baliabideak maximizatzea, bikoiztasunak saihestuz eta dagoen beharrari benetako erantzuna ematen saiatuz.

Bestalde, udalean bertan "gazteriaren ikuspegia" txertatu nahi da, zeharka, arlo guztietan, programatzen diren jarduera eta ekintzen barruan. Era berean, gazte laudioarrak, gizarte-eragileak eta administrazioa gazte-politika integral baten garapenean parte hartzera bultzatu nahi dira.

Era berean, "Gazte Plan honen bidez, gazteek hirian duten errealitatea ezagutu nahi dugu, bai eta udal sail ezberdinetatik eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta programak ere, kolektibo horren beharrei eta kezkei modu eraginkorrean erantzun eta aurre egin ahal izateko", esan du Juan Jesus Merchanek.