UGAO. Otsailaren hasierarekin batera, Ugao-Miraballeseko El Jaro udal kiroldegiak kirol ikastaro berriak eskainiko ditu datorren astelehenetik aurrera. Aste honetan zehar, Udalak ikastaro horiei buruzko informazioa banatu du herritarren artean.

Ikastaroei dagokienez, ur jarduerak astelehen eta asteazkenetan, eta astearte eta ostegunetan izango dira, aukera ezberdinak eskainiz:

  • 4 urte (familiarizazioa): 17:00etatik 17:30era edo 19:00etatik 19:30era
  • 5 urte (hastapena): 17:30etik 18:15era
  • 6 urte (hobekuntza): 18:15etik 19:00etara
  • 7-11 urte (estiloak): 19:30etik 20:15era

Aretoko jarduerek, berriz, honako saio hauek izango dituzte astelehen eta asteazkenetan: Pilates (18:00-19:00), Combigym (19:00-20:00) eta spinning (18:00-19:00). Astearte eta ostegunetan, GAPC (18:30-19:30), Yoga (10:15-11:45 / 19:30-21:00) eta spinning (18:30-19:30 / 19:30-20:30) klaseak emango dira.

Erabiltzaileek, beste tarifa-formula batzuen artean, hilean 56,20 euroko tarifa finkoaren bidez ordaintzeko aukera izango dute. Tarifa horren bidez, igerileku estalira eta gimnasiora sartzeko aukera eskaintzen da, baita plaza libreak dauden ikastaroetan parte hartzeko aukera ere.

Egun hauetan banatuko den liburuxkak banakako 2 sarrera izango ditu, doan, igerileku estalira eta gimnasiora eguneko sarbide pertsonal baterako.

Herritarrek informazio gehiago eskatu ahal izango dute kiroldegiko harreran, 94 648 05 07 telefonora deituta edo kiroldegia.ugao@bizkaia.org helbidera mezu bat bidalita.

HAINBAT HOBEKUNTZA ZERBITZU BERRIAN

Aipatu bezala, Udalak El Jaroko kiroldegian eta estali gabeko Arandiako igerilekuetan hainbat hobekuntza eginez estreinatuko du 2021a. Ahalik eta zerbitzurik eta arretarik onena eskaintzeko helburuarekin, kontratu berrian, langileen lan-baldintzak hobetzeaz gain, garbiketen maiztasuna indartuko da, bai aldageletan, bai komunetan, eta desinfekzio lanak ere areagotu egingo dira, gutxienez egunean bitan eginez (goizez eta arratsaldez). Halaber, garbiketa industrialeko makinak erosi dira: lurra garbitzeko makina industriala, hidrogarbiketa makina eta ur-hauts xurgagailua. Erosketa berri horiekin garbiketa eta desinfekzio sakonagoa eta kalitate handiagokoa lortuko da. Gainera, ostegun eta ostiral honetarako, enpresa espezializatu bat kontratatu da kiroldegiko kristal guztiak garbitzeko, barrukoak zein kanpokoak.

Halaber, astean gutxienez 32 ordu programatuko dira monitore batek zuzendutako kirol-jarduera edo ikastaroetarako. Gainera, El Jaroko kirol-instalazioak zerbitzuak eskaintzeko behar diren baliabide materialez hornitu dira. Horretarako, gimnasioko eremu aerobikorako makina eta ekipamendu berriak erosi dira (korrika egiteko zintak, eliptikoak, bizikletak, arraun-makinak, stepak), bai eta muskulazio-eremurako ere (muskulazio-makinak, ergolinak, bankuak, diskoak, prentsak, multipowerrak, kaiolak, mankuernak, barrak, heltzeko pintzak...). TRX eta pilates aretoetarako fitball-ak, esterillak, erruloak eta uztaiak eskuratu dira. Azkenik, igerilekuetako erabiltzaileek ohol, txurro eta mahuka berriak izango dituzte.