LAUDIO. Laudioko Udalak Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (PMUS) egiteko lehenengo pausua ematen hasi da dagoeneko. Ekimen honen xede nagusia hiri-mugikortasun osasungarriagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa sustatzea da.

Plana prestatzeko prozesua bi plano bereizitan gauzatuko da: plano teknikoa eta plano sozial eta parte-hartzailea. Ander Larrinaga Antolakuntza Publiko eta Zerbitzu Orokorretako zinegotziak jakinarazi duenez, “Ikuspuntu teknikotik, lehenik eta behin egoeraren diagnostikoa egingo da, Laudiok gaur egun duen mugikortasun ereduaren erradiografia zehatza lortzeko. Ondoren, jarduera-plan bat egingo da, diagnostikoan jasotzen diren erronkei aurre egiten lagunduko duten neurri zehatzekin”.

PARTE-HARTZE PROZESUA

Prozesuaren beste gakoa herritarren parte-hartzea izango da. “Udalak funtsezkotzat jotzen du Plana laudioarrekin elkarlanean egitea. Hori dela eta, parte-hartze prozesu bat jarriko da martxan, mugikortasunaren arloan herritarren ekarpenak, iritziak eta iradokizunak jasotzeko”, iragarri du zinegotziak.

Lankidetza- eta partaidetza-espiritu horretatik abiatuta, “Udalak inkesta anonimo bat banatuko du Laudioko hainbat etxetara, herritarrek udalerrian dituzten mugikortasun-ohiturak ezagutzeko, eta horiek abiapuntu gisa erabiliko dira egoeraren diagnostikoa egiteko”.

“Udalak uste du PMUSek mugikortasun eredu osasungarriagoa, atseginagoa eta jasangarriagoa diseinatzeko balioko duela, azken finean, Laudioko herritarren bizi-kalitatea hobetuko duena”, bukatu du Ander Larrinagak.