LAUDIO. Laudioko Udalak zaborra bildu eta ezabatzeko zerbitzuaren 2019ko tasa borondatez ordaintzeko epea ireki egin du dagoeneko. Konkretuki Udal Kudeaketa Arloko Ekonomia eta Zerga Kudeaketako Zerbitzuak abiarazi dute ordainketa hau.

Horretarako, borondatezko aldian dirua biltzeko epea bi hilabetekoa izango da, 2020ko abuztuaren 14tik 2020ko urriaren 14ra, biak barne. Halaber, helbideratutako ordainagiriak aurtengo irailaren 14an kobratuko dira.

Tasa horren ordainketa helbideratuta ez duten pertsonentzat, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Caja Rural de Navarrako sukurtsalen bidez egingo da diru-bilketa, banku-erakunde horiek irekita dauden ordutegiaren barruan, kobratzeko ardura duen banku-erakundeak bidaltzeagatik etxean jasoko duen ordainagiria aurkeztearen aurka. Ordainagiria galdu edo jaso ezean, ale bat bikoiztuko da Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ).

Borondatezko aldian dirua biltzeko epea amaitutakoan, ordaindu gabeko kuotak premiamendu-prozeduran sartuko dira automatikoki, legez ezarritako errekarguak eta, hala badagokio, berandutze-interesak eta sortzen diren kostuak gehituta.

ORDAINKETA DIGITAL-PASABIDEAREN BIDEZ

Hala nahi duten auzotarrek tasak eta zergak ordaindu ahal izango dituzte edozein finantza-erakunderen kreditu-txartelarekin. Horretarako, Laudioko Udalaren web-orriaren bidez eskura daiteke pasabide digitala, nire ordainketaren atalean sartuta.

Horrela, egungo Gobernu-taldeak orain arte egin ez diren aurreko ekitaldietako tasa eta zergen kobrantzak erregularizatzeko eta eguneratzeko konpromisoa hartzen jarraitzen du. Zeregin horrekin, gainera, Udalaren diru-sarrerak handitu ahal izango dira; horri esker, udal-baliabideak eta -zerbitzuak bermatu ahal izango dira, bai eta covid-19k eragindako krisiaren ondorio negatiboak arintzen lagundu ere.