LAUDIO. Laudioko osasun zentroak anbulantzientzako sarbide esklusiboa izango du irailetik aurrera. Gaur egun, larrialdietako ibilgailuek espaloiaren gainean aparkatu behar dute, anbulatorioan pazienteak hartzeko eta uzteko maniobra errazteko.

Joseba Amondo alkateordeak azaldu duenez, "Dagoeneko hasi diren lanekin, anbulantziak osasun zentroaren ondoko berdegunean aparkatzeko bide bat sortzea da asmoa, oinezkoei espaloitik pasatzen ez uzteko". Era berean, "Azpiegitura berriak bidea zabaltzea eta ingurua urbanizatzea aurreikusten du. Horrela, Zumalakarregi etorbidea biribilgunearekin lotuko da", gaineratu du.

INBERTSIOA ETA GAUZATZEKO EPEA

Proiektu hori egin ahal izateko, Udalak Arabako Foru Aldundiaren obra txikien programatik datorren diru-laguntza jaso du, eta, beraz, obrek 35.000 euroko inbertsioa ekarriko dute, hori baita toki-administrazioek eta administrazio-batzarrek aurkeztutako eskaerek jaso dezaketen gehieneko muga. "Lanak egiteko epea datorren hilean amaituko da, irailaren 15ean", bukatu du Joseba Amondok.

OSTALARITZA-SEKTOREARI DEIA

Bestalde, Laudioko Udalak udalerriko ostalaritza-sektorea bilera ireki batean parte hartzera gonbidatu du, hurrengo asteetan ostalaritzako lokaletan eta terrazetan pilaketak saihesteko zenbait jarraibide elkarrekin definitu ahal izateko. Bilera asteazken honetan izango da, abuztuaren 12an, 16:00etan, Herriko Plazako Erabilera Anitzeko Aretoan.

Beste behin ere, Laudioko Udalak ostalarien erantzukizuna eta zuhurtzia eskatu ditu, haien eta ahal duten eragile guztien laguntza paregabea bilatzeko, Covid-19ren hedapena prebenitu eta geldiarazteko.