LAUDIO. Laudioko eta Amurrioko alkate diren Ander Añibarro eta Josune Irabienek Eusko Jaurlaritzako Ekonomoaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiarekin bilera izan dute astearte honetan, hilak 4. Ezohiko batzar horretan Aiarako bailarak bizi duen egoera ekonomiko industriala elkarrekin aztertu egin dute.

Arabako eskualde hori, zailtasunetan dauden Ezkerraldeko (Bizkaian) eta Oarsoaldeko guneekin batera, langabeziak gehien zigortutako eremuetako bat da, eta bi alkateek kezka azaldu dute, orain egoera larritu egin delako, bi herrietako biztanleen zati handi bati enplegua ematen dien Tubacex enpresak iragarritako langile-doikuntzaren ondorioz.

ERAKUNDEARTEKO LAN-PLANA

Hiru erakundeek adostu dute egiten ari ziren lan-ildoekin jarraitzea, eta, aldi berean, beste ekintza batzuk irekitzea, hiru ardatz hauek jarraituz:

Irailetik aurrera, eskualdeko enpresa nagusiak bisitatu eta haiekin biltzeko asmoa dute, eskualdeko industria-osasunari buruzko informazio zehatza lortzeko asmoz. Diagnostiko horri esker, krisia eskualdeko enpleguan izaten ari den eragina arintzeko ezarri beharreko jarduerak zehaztu ahal izango dira. Era berean, langabeen prestakuntzarekin eta enpresa-sarean hautematen diren premien araberako kualifikazioarekin lotutako ekimen posibleak aztertuko dira.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, indarrean dauden programak berrikusiko dira malgutzea ahalbidetzeko, Indartu programarekin egin den bezala. Programa hori Europar Batasunak egoera ahulean dauden eremu katalogatuetan soilik aplikatzeko asmo eta baimenarekin sortu zen, nahiz eta egokitu egin den eta inbertsiorako diru-laguntzak langabezia-tasa handia duten eskualdeetan ere aplikatzeko aukera zabalduz, Aiaraldean, adibidez.

Lehen bilera honetan, bertaratutakoek egokitzat jo dute ere Eusko Legebiltzarrean eratutako Aiaraldeko Ponentzia Sozioekonomikoari berrekitea. Bertan, alderdi politiko guztiekin batera, Jaurlaritzak udalerriekin koordinatuta egiten dituen urratsak helarazi eta kontrastatuko dira. Konpromisoa da aurrera egitea erakunde guztien eskutik, Arabako Foru Aldundia, enpresa-elkarteak eta ekonomia- eta enpresa-eragileak barne.