LAUDIO. Laudioko Udalak 35.000 euroko aurrekontua bideratuko du Isusi auzoko karobi zahar bat eraberritzeko. Mintegietan egingo diren lan horiek hiru hilabeteko egikaritze-epea daukate eta, beraz, abendua baino lehen amaituta egotea aurreikusten da. Horrela, herriko hainbat leku zaharberritzeko prozesuarekin jarraituko du Udalak.

Toki honetan dagoen labean harria egosten zen antzina. Prozesu hori egin ondoren, lortzen zen kare bizia lurra ongarritzeko erabiltzen zen, eta, urarekin nahastu ondoren, ukuiluak eta hormak desinfektatzeko, fruta-arboletan parasitoak saihesteko eta, batez ere, eraikuntzarako.

Joseba Amondo Zerbitzu, Auzoetako eta Landa Inguruneko zinegotziak azaldu duenez, "Zaharberrituko den labea Frantziako modeloko karobi bat da, eta Lazaro Eskuza aurreko jabeak erabili zuen 1950era arte, gutxi gorabehera", eta "Udalak trukaketa baten bidez eskuratu zuen, balioa emateko, udal-mailako elementu etnografiko interesgarri gisa", adierazi du.

INTERES KULTURALEKO ONDASUNA

Esku-hartzean, karobiaren biltegiko harlangaitza eta labea bera eraitsiko dira, berreraikitzeko, teilatua aldatuko da, labearen ahoa segurtasunez jarriko da, eta biltegira eta sutegiaren egiturara sartzeko inguruneak egokituko dira. Lanak hiru hilabetez luzatuko dira eta Udalak 34.963,35 euroko inbertsioa egingo du.

"2020ko abendua baino lehen amaituta egongo den birgaitze honi esker, interes etnografikoko elementu bat berreskuratu ahal izango da Santa Maria del Yermoko monumentu multzotik gertu dagoen Isusi auzoan", bukatu du Joseba Amondok.