LAUDIO. Koronabirusak eragindako krisialdiak kalte ekonomiko handiak egin ditu, batez ere herrietako saltoki eta establezimendu txikietan, zeinak denbora luzez pertsiana jaitsi behar izan duten alarma egoera zela eta. Horregatik, kalte ekonomiko horiek gutxiagotzeko asmoz, Laudioko APILL Merkatari eta Industria Txikien Elkarteak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa guztiei hurrengo sei hilabeteetan doako zerbitzua eskainiko die, nahiz eta elkartekide ez izan. Elkartearen ustez, "indarrak batzeko unea da herriak bere enpresa-jarduerari eutsi ahal izateko".

1983an uholdeekin gertatu zen bezala, “Gaur elkarteak gure topagunea izan behar du, gure kezkak eta proposamenak partekatzeko, egoera latz hau gainditzen lagunduko diguten ekimenak sortzeko”, adierazi dute APILL elkartetik ohar batean. “Hori guztia Laudioko Udalak Ekonomia Sustapen, Merkataritza eta Enplegu Sailaren bitartez eskaintzen digun laguntzari esker egin ahal izango dugu, eta eskerrak eman behar dizkiogu lan hau errazteko emandako laguntzagatik”, gaineratu dute.

DOAKO ZERBITZUEN ESKAERA

Apillen zerbitzuak doan jaso nahi dituztenek harremanetarako datuak eman behar dituzte, komunikazio arina eta eraginkorra izateko. Eskaera egiteko, mezu elektroniko bat bidali behar da apill@laudiocomercial.com helbidera, honako informazio honekin:

  • Establezimenduaren izena.
  • Helbidea.
  • Harremanetarako pertsona.
  • Telefono mugikorra (adierazi WhatsAppeko merkataritza- eta zerbitzu-taldeetako edo ostalaritza-taldeetako kide izan nahi den, hobeto informatuta egoteko).
  • Helbide elektronikoa.