LAUDIO. Koronabirusak eragindako egoera berezi honek gure eguneroko bizitzan genituen hainbat ohitura eta jarrera aldatzera behartuko gaitu. Eguneroko bizitzako hainbat esparruei eragin die zuzen-zuzen, esaterako ikasten ari diren ume eta gazteei. Orain, eskolara joan ezin direnez, telematikoki ari dira klaseak jasotzen, online, baina zer gertatzen da gurasoen bilerekin? Bada, Laudio Ikastolak bilera horiek telematikoki izateko ekimena abiarazi du.

Bileren xedea ez da arlo akademikoren jarraipenera mugatu eta familiek elkarren berri izatea ahalbidetzeaz aparte, komunitatearen jarraipen emozionala ere bileren gai zerrendako puntuetako bat izan da.

Osasun krisiak eragindako konfinamenduak aurrera egin ahala Laudio Ikastolak ikasle guztiekiko harremana telematikoki bermatzeko ahaleginean aritu da. 0 urtetik 18 bitarteko ikasleen familien egoera anitza da eta etapa bakoitzeko ikasleen ezaugarrietara moldatu du harreman telematiko hori. Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrera, ikasleek beraiek era autonomoan irakasleekiko harreman hori kudeatzeko konpetentzia digital minimoa dute eta hortik beherako mailatan, gurasoen bidez abiatu da esperientzia, Haur Hezkuntzako 1. Zikloko 0, 1 eta 2 urteko ikasleak barne.

Beste edozein ikastetxetan bezala, harreman telematiko hori komunitate osoarentzat bermatzea izan da Laudio ikastolak erantzun duen erronka nagusietako bat, horretarako gutxieneko tresna eta konexioak bermatzeko ekimenak zabaldu ditu familien artean, hala behar duten ikasle guztiek lanerako tresna egokia izan dezaten eta baita ere konexiorik gabe aurkitu diren familiek Ikastolak lortutako 4G rourterrak eskura ditzaten.